Gabonak heldu dira Bizkaiko museoetara

Bizkaie! 2020-12-21 08:32   Kulturea

Erakusketa bereziak, bisita gidatuak eta tailerrak antolatu ditue.

Bizkaiko Foru Aldundiaren sareko museo eta aretoek askotariko programazinoa antolatu dabe Gabon sasoirako. Herritar guztientzako aproposak diran jarduerak egingo ditue, esate baterako, erakusketa bereziak, tailerrak eta bisita gidatuak.

Bilbon, Arkeologi Museoak umeentzako egitaraua dakar Gabonetan. Alde batetik, abenduaren 27an, 29an, 30ean eta 31n eta urtarrilaren 2an eta 3an, Gabonetako Arkeogabonak tailerrak egingo dira, 6 eta 12 urte bitartekoentzat. Bestetik, jolas erromatarrak, Arkeotxotxongiloak eta Arkeologoa egun batez saioak egingo dira. Abenduaren 20ko eta 27ko domeketan familia osoek hartu ahal izango dabe parte olgeta erromatarren inguruko tailerretan. Ganera, Urduñako harresietako indusketetan agertutako kapitel erromanikoa ikusi leiteke egunotan.

Bermeoko Arrantzaleen Museoak bisita gidatuak antolatu ditu Akurio eta Elkano 1519-1522 aldi baterako erakusketan. Xabier Armendariz komisarioa izango da gidaria. Horrezaz gan, abenduaren 29, 30 eta 31n umeentzako tailerrak egongo dira.

Gernikako Euskal Herria Museoan be urteko azkenengo hiru egunetan izango dira umeentzako tailerrak, 5 eta 10 urte bitartekoentzat. Helduentzat, bisita gidatuak egongo dira Jose Arrue margolariari eskainitako erakusketea ezagutzeko. 

Muskizko El Pobal burdinolan, instalazinoak martxan egongo dira. Zapatuetan erakustaldia egingo dabe, eta, bisita gidatuetan, uruna egiteko errotea eta burdinolako beste tresna batzuk erakutsiko ditue. Familientzat, Playmobilakaz egindako Olentzeroren dioramea ipini dabe. 

Balmasedako La Encartadan, bisita gidatuez gan, honeek jarduerok egingo ditue: GabonTxokoak, eskulanak etxeko txikientzat (6-12 urte); familientzako pack-ak; eta escape room-QadRilla! abenturea museoaren barruan.

Santimamiñe kobazuloan ohiko bisitaldi gidatuak egongo dira. Ganera, 7 eta 12 urte bitarteko umeentzako tailerra antolatu dabe, abenduaren 27an, 12:00etan. Parte-hartzaileak kobazulo inguruan ibiliko dira, mitologia lantzen.

Bakioko Txakolingunean Komikia erakusketea ikusi leiteke. Kike Infante eta Mikel Begoña komisario dirala, orain arte euskal komikiaren historia barritik egindako ibilbiderik osotuena da. Abenduaren 27an eta urtarrilaren 4an Gabonetako tailerrak egongo dira. 

Azkenik, Bilboko Rekalde eta Ondare aretoetan erakusketa interesgarriak ikusi leitekez asteotan. Lehenengoan, Juan Manuel Lumbreras galeriaren 25. urteurreneko erakusketea dago; Rekalde Aretoan, Agustin Ibarrolari eskainitakoa ipini dabe. 

Foru Aldundiaren sareko museo eta aretoen inguruko informazino zehatzagoa BizkaiKOAren webgunean

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu