Karmelo Jaiok Mexikoko Guadalajarako Liburu Azokan hartuko dau parte
2020-11-30 12:21 KultureaModu telematikoan aurkeztuko dau Aitaren etxea liburua.
Latinoamerikako liburu azokarik entzutetsuenetako bat da Mexikoko Guadalajara urian egiten dan FIL. Euskal idazleek urtero izaten dabe euren obrak ezagutzera emoteko tartetxua, Etxepare Euskal Institutuak egiten dauen ahaleginari esker. Aurtengo edizinoan Karmele Jaio izango da euskal konbidadua Guadalajaran, modu telematikoan bada be. Bigarrenez egongo da Jaio feria horretan.
Covid-19aren pandemiagaitik, ekitaldi gehienak online egiten dabiz FILen aurten. Ganera, bidaiak egiteko dagozan murrizketak dirala eta, Karmele Jaio Mexikoraino joatea be ez da kontu erraza. Hartara, online hartuko dau parte, ezinbestean.
Zemendiaren 28an hasi zan eta abenduaren 6an amaituko da Guadalajarako Liburu Azokea. Karmele Jaioren txandea martitzenean, abenduaren 1ean, izango da. Programa ofizialeko Los lectores presentan atalean hartuko dau parte, Aitaren etxea liburu arrakastatsuaren gaztelaniazko bersinoa aurkezten: La casa del padre, Jaiok berak itzulia. Online saio horretan, hiru irakurlek liburua aurkeztuko dabe. Ondoren, publikoaren eta idazlearen arteko barriketaldia egongo da.
Ekitaldia online izango danez, Euskal Herritik be ikusi ahal izango da. 19:30ean hasiko da (Mexikon 12:30ak).
Euskadi Saria eta 111 Akademiaren Saria irabazi ditu Karmele Jaiok Aitaren etxea-ri esker. Hiru protagonista nagusi ditu nobeleak: Ismael, idazlea eta ingurukoak jagoten hasi dana; Jasone, haren andrea; eta Libe, arrebea. Hiruren bizipen eta gogoeten bidez, idazleak generoa eta maskulinidadea arakatzen ditu.
Euskal idazleak nazinoartean ezagutzera emoteko helburuz, liburu azoka ugaritara eroaten ditu Etxepare Euskal Institutuak bertoko autoreen lanak. Guadalajaran, esate baterako, Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide egon dira aurreko bederatzi edizinoetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!