Getxophoto kaleak hartzen hasi da

Bizkaie! 2020-08-20 09:23   Kulturea

Aurtengo edizinoa kalekoena eta digitalena izango dala dinoe antolatzaileek.

Aste bi baino ez dira faltau 14. Getxophoto hasteko, irailaren 3an ekingo deutse historiako edizinorik arraroenari. Izan be, Covid-19aren pandemiak dana jarri dau hankaz gora, baita argazkigintzeaz, irudiez eta ikusizko arteaz arduratzen dan jaialdi hau be. Edozelan be, antolatzaileek ziurtatu dabe Getxophoto egin egingo dala, kalera sekula baino gehiago urtenda eta euskarri digitalak be arakatuta.

Edizinorik kalekoena izango dala dinoe, batetik pandemiak holan jokatzera bultzatu ditualako, baina, bestetik, aurtengo leloa Kalera! dalako be bai. Jon Uriarte komisarioaren begiradapean, mundu osoko sortzaileen proposamen barritzaileenek hartuko ditue Getxoko kaleak irailean, ikusizko artearen eta espazio publikoaren arteko alkarrizketan. Erakusketa batzuetako muntaiak hasita dagoz.

Espazio publikoa aztertuko dabe sortzaileek aurten: Protestarako agertoki, batzeko eta alkar ezagutzeko eremu, esperimentazinorako eta ospakizunerako gune... funtzino ugari ditu espazio publikoak. Kalea da, jakina, espazio publikoaren ardatza, eta erakusketa gehenak Getxoko kale eta plazetan izango dira. Baina eremu digitala be bada espazio publikoaren parte. Edizinorik digitalena izango da hau.

Izan be, sarerako programazino zabal eta askotarikoa atondu dabe antolatzaileek, publiko gehiagogana heltzeko eta pandemiak eragindako oztopoak gainditzeko: Aplikazinoak eta podcastak egongo dira publikoaren eskura, Instagrameko filtroakaz olgauko dabe...

Irailaren 3an hasiko da, modu ofizialean, 14. Getxophoto. Halandabe, 4an izango da Opening dalako ekitaldia. Egun horretan, Helen Levitten In the Street filma proiektauko dabe, doban, baina aurretik izena emon behar da. Aurreko edizinoetan legez, artistak eurak ibiliko dira publikoagaz berbetan eta ibilbide gidatuak be antolatuko ditue.

Programazino nagusian hogei artistaren begiradak ezagutu ahal izango doguz. Online egitarauan, ganera, Victoria Ascasoren T4BU aplikazinoa, Raúl Goñi nafarraren Public Protest Poster kartel bildumea eta Radio Ambulanceren podcastak dagoz, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu