Miguel Marinaren pinturak eta eskulturak BilbaoArten
2020-08-07 08:18 KultureaIrailaren 4ra arte dago ikusgai Lanzarla al aire erakusketea.
2019an artista egoiliarra izan zan Miguel Marina madrildarra Bilboko Urazurrutia kaleko BilbaoArte zentroan, eta aurten banakako erakusketak antolatzeko aukeratutako zazpi sortzaileetako bat da. Hain zuzen be, Lanzarla al aire izena dau Marinak BilbaoArten erakusteko aukeratu dauen bildumeak. Pinturea eta eskulturea batu ditu bertan. Irailaren 4ra arte egongo da ikusgai.
BilbaoArten egoitza artistikoa egiten egoan bitartean sortutako eskultura bi eta azkenaldion marraztu dituan koadroak dira erakusketearen oinarria. Lehenengo eskulturea, egurrezkoa, ganetik marraztu dau Marinak. Bigarrena, ostera, mandarina azalez egindako mosaiko tubular bikotxa da, egurrezko euskarri baten ganean.
Pinturek, bestetik, BilbaoArteko erakusgelako hormak beten ditue, goitik behera. Izan be, formatu handikoak dira, batzuk metro bi altu. Lau orriko konposizinoak egiten ditu Marinak, olioz eta trementinaz, eta horreek guztiak birkonbinau egin leitekez.
Lanzarla al aire izenburuak olgetearen eta zoriaren kontzeptuak ekarten ditu gogora, artistearen umezaroagaz bat egiteaz gan. Esperimentazino ludikoa praktikara eroaten dau Marinak bere laminak sortzean. Testurak, koloreak, formak eta usainak be buztartzen ditu, ikuslea paisaia lehorretara eroanez, tonu marroi eta forma organiko sotilen bidez.
Erakusketeak lotura handia dau Marina 2017-18an Erromako Espainiako Errege Akademian egoiliar izan zaneko prozesu bategaz. Beste sortzaile batzukaz bizi izan zan, musikari, arkitekto eta idazleakaz, eta bazkalostean alkarregaz egoten ziran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!