Komisario Barriak 2020 aukeratu ditue

Bizkaie! 2020-07-22 09:35   Kulturea

Komisarioaren praktikea landu eta artearen munduko profesional barriak sortu eta finkatzea da asmoa.

Komisario Barriak 2020 proiektuak gaur eguerdian argitaratu ditu aurtengo edizinoan babestuko diran hiru proiektuak, komisarioaren praktikea landu eta artearen munduko profesional barriak sortu eta finkatzea bultzatzeko asmoz. Eusko Jaurlaritzeak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazinoarteko Zentroak, Azkuna Zentroak eta Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak bultzatutako ekimen honek honako proposamen honeek babestuko ditu: Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan. Gasteizko bideo-musikal jaialdia 80ko hamarkadan, Iñigo Gomezek, Itziar Gutierrezek eta Ane Lekuonak aurkeztua; #ÁGORA / CEMENTO / CODÍGO, Arteriak-ek proponidutakoa (MawatreS eta Andrea Estankona); eta Espacio Publicitario (espacio público /espacio publicitario), Mario Ortiz Paniegorena.

Proiektuan parte hartzen dauen zentro bakoitzak lan-arlo bereizi bat aurkeztu eta zentroak arduratu dira beken deialdia modu koordinatuan kudeatzeaz. Deialdia komisarioari lotutako ibilbidea daben persona fisikoei zuzenduta egon da: historialariak, artistak, komisarioak eta ikerketearen arloko beste profesional batzuk.


Artium Museoa

Artium_Museoan aurkeztutako 10 proposamenetatik Ez dakit zer pasatzen den azken aldi honetan. Gasteizko bideo-musikal jaialdia 80ko hamarkadan aukeratu da, Iñigo Gomezek (Gasteiz, 1993), Itziar Gutierrezek (Andoain, 1991) eta Ane Lekuonak (Hondarribia, 1994) aurkeztuta. Proposamena 80ko hamarkadan Euskal Herrian hedabide bideografikoaren aukerak bultzatzen dituen hiru jaialdien ikerketeari buruzkoa da: Donostiako Bideo Jaialdia, Gasteizko Musika Bideo Jaialdia eta 80ko hamarkadako Tolosako Bideoaldia.


Tabakalera

Tabakalera IKZri aurkeztutako 14 proposamenetatik, #AGORA/CEMENTO/CODÍGO proiektua aukeratu da, Arteriak (MawatreS eta Andrea Estankona) eragileak aurkeztuta. Ikusgarritasunaren espazioaren arrakalan praktika artistikoak ikertu eta sortzeko orduan izaten dan arrakalatik sortzen da proiektua. #AGORA/CEMENTO/CODÍGO proiektuak argitalpena, erakusketea eta ikerketea proponiduten ditu.


Azkuna Zentroa

Aurkeztutako 18 proposamenetatik, Mario Ortiz Paniegoren (Bilbo, 1978) Espacio Publicitario (espacio público /espacio publicitario) / Espazio Publizitarioa (espazio publikoa/publizidade-espazioa) da hautatutako proiektua Azkuna Zentroren kasuan. Proposamenak publizidadeak gure bizitzetan eta, batez be, espazio publikoan izan dauen igoereari buruzko barrikuspena dakar. Proiektuak munduko hainbat uri aztertuko ditu, bai eta espazio publikoaz arduratzen diran artisten praktikak be, hausnarketa kritikoa eginez.


Proiektuaren jatorria

Komisario Barriak Donostia 2016 Europako Kultur Uriburutzearen testuinguruan sortu zan eta lehen edizinotik Tabakaleraren, Azkuna Zentroaren, Artiumen eta Montehermosoren (Gasteiz) laguntzea izan eban; 2016an, laborategien formatuko topaketak egin zituen Donostian, Bilbon eta Gasteizen eta horreei amaierea emoteko, erakusketa bat egin eben Azkuna Zentroan (2016ko abendua eta 2017ko urtarrila) eta Montehermoson (2017ko urtarrila eta zezeila).

Komisario Barriak-en ibilbidea deialdi bategaz hasi zan eta horren bidez, komisarioaren esparruan interesa eben 10 personako talde bat hautatu nahi zan, hiru egoitzatan. Bigarrenik, hautatutako 10 personek lau edo bost eguneko hiru laborategitan parte hartu ahal izan eben eta horreetan ikastaro-proposamen bitan lan egin zan. Azkenik, egoitza-aldiaren ondoren, komisario parte-hartzaileek Bilbo eta Gasteizko erakusketa horreek erakutsi zituen. Danetara, erakusketetara joan zan publikoa kontuan hartuta, 4.725 lagunek parte hartu eben Komisario Barriak ekimenaren jardueretan. Lehen edizino haren ondoren, Komisario Barriak izan zan Kultur Uriburutzearen legatu lez jarraipena emotea erabagi zan ekimenetako bat.

2018. urtean, komisarioari lagundu jakon, azken hamarkadetan euskal praktika artistikoei arretea emoten eutsen proiektuak ikusarazoz. Horretarako, deialdi bat egin zan berariazko azterketa-kasu lez funtzionetan daben proiektuetarako: artisten ibilbideak, erakusketak, espazioak, proiektuak, argitalpenak, eztabaidak, testuak eta Euskadiko praktika artistikoen testuingurua jorratzeko garrantzitsuak diran beste ekimen batzuk.

Azken buruan, proiektuak 30.000 euroko aurrekontua dau eta, beraz, gehienez 10.000 euro bideratuko dira proiektu bakotxera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu