'Metro eta erditik begiratuta' udako bisita gidatu barria Bilbon

Bizkaie! 2020-07-07 12:22   Kulturea

Euskal Museoaren eta Bilboko Berreginen Museoaren jarduerea 94 415 02 31 zenbakian erreserbau behar da.

Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak bisita gidatu bereziak eskainiko ditue garagarrilean eta abuztuan, erakusketak sakon ezagutzeko. Metro eta erditik begiratuta da bisita horreetarako aukeratutako izenburua.

Euskal Museoaren bisitearen ardatza Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak izeneko aldi baterako erakusketea izango da; bertan, uda sasoian erakundearen Klaustroan bizi diran personaia ezagun horreek izango dira protagonista.

Bestalde, Berreginen Museoak bere erakusketa iraunkorra erakutsiko dau: Samotraziako Garaipena da bertako obra klasikoen berregin nabarmenetako bat. Horrezaz gan, San Frantziskoko antxinako komentuko aztarnategia bisitetako aukerea eskainiko dabe: Bilboko erdiguneko altxor arkeologikoa.

Norberak gidatutako bisita bategaz osotu daiteke ibilbidea, museo bietakon webguneetan eskuragarri dagozan liburuxkak erabilita.

5 eta 10 lagun arteko taldeei zuzendutako bisitak dira. Euskeraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daitekez eta prezio berezia dabe: sarrera merkeagoa bisitari bakotxarentzat (1,5 €), eta 5 euro taldeko bisita bakotxeko. Bisitea Berreginen Museora eta San Frantziskoko aztarnategira egin nahi izan ezkero, sarrera bera izango litzateke, baina taldeko 10,00 € ordaindu beharko litzatekez, bisita ezbardin bi baitira.

Jarduera horretan parte hartu nahi dauen edozeinek aurretiazko eskaera bat egin beharko dau, gitxienez, astebete lehenago, 94 415 02 31 telefono zenbakian.

COVID-19aren pandemiaren osteko beharrezko segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko, erakunde biek protokolo zehatza jorratu dabe bisita gidatuak egiteko: jardueran parte hartzen daben guztiek maskarea erabili beharko dabe; gainera, bisitaren izenak adierazoten dauen moduan, segurtasun tartea gorde beharko da. Horri gehitu egin behar jako desinfekzio lanak indartuko dirala, berbarako, instalazinoak egunero garbituz.


Metro eta erditik begiratuta programea

- Erraldoiak, metro eta erditik begiratuta (Euskal Museoa). Iraupena: 40 minutu inguru.

- Estatuak, metro eta erditik begiratuta (Berreginen Museoa). Iraupena: 60 minutu inguru.

- Plaza azpian, metro eta erditik begiratuta (Mariaren Bihotza plazako aztarnategia). Iraupena: 45 minutu inguru.


Erreserbak

94 415 02 31

Gitxienez, astebete lehenago. Erreserbea egiterakoan eguna eta ordua aukeratu beharko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu