'Barruko Tekniken Estudioak' mintegian online parte hartuko dau Steve Paxtonek
2020-06-30 09:44 KultureaBertaratzeko plazak beteta dagoz, baina on line mintegian izena emon daiteke.
Azkuna Zentroak atondut dau mintegia, Ixiar Rozas artista eta ikerlariak koordinauta. Steve Paxtonek berak be parte hartuko dau bideokonferentziaz eta gogoan hartu, gaur egun, artistearen lana erakusketa aretoan ikusgai dagoala João Fiadeiro eta Romain Bigé komisario dituan Steve Paxton. Drafting interior techniques erakusketan.
Hainbat hamarkadatan, Steve Paxton jantzari eta koreografo amerikarrak giza gorputza esploretako laborategi lez hartu dau jantzea. Barruko tekniken estudioak nazinoarteko mintegian Paxtonen lana eta pentsamendua landuko dira eta, horretarako, Romain Bigék argitaratutako Drafting Interior Techniques (Culturgest, Lisboa, 2019) erabiliko dabe. Liburua zortzi kapitulutan –estudiotan- antolatuta dago eta, horreetan, Paxtonek bere ibilbidean erabilitako tresnak jorratzen ditu.
Metodologia
Gonbidatu bakotxak liburuko kapitulu bat hartuko dau abiaburutzat eta hartu-emonetan jarriko dau bere lan, ikerketa zein bizi-esperientziagaz. Zer egiten dabe gure gorputzak horretaz jaubetzen ez garenean? Zer egiten dogu inprobisetan dogunean? Zer ikasi geinke gugandik? Anarkia probetako momentua al da? Zer keinu egiten dogu lurragaz?
Parte-hartzaileak
Steve Paxtonez gan, Ion Munduate, jantzan eta ikusizko arteetan trebatutako artistea; Pep Ramis, interpretea, koreografoa eta Mal Peloren zuzendarikidea, María Muñozegaz batera, interpretea, koreografoa eta mintegian parte hartuko dauena; Otto Ramstad, jantzan, inprobisazinoan eta mobimentuan dagoan irudian trebatutako artistea; Ula Iruretagoiena, arkitekto doktorea; Marc Badal, artistea; Romain Bigé, doktorea, ikertzailea eta Steve Paxton. Drafting Interior Techniques erakusketako komisariokidea, Joao Fiadeirogaz batera; Steve Paxton, koreografo iparramerikarra, Contact Improvisation teknikaren sortzailea; eta Ixiar Rozas, idazlea eta ikertzailea, mintegiaren koordinatzailea.
Aurrez aurrekoa eta online
Mintegia aurrez aurre (edukierea beteta) nahiz online jarraitu ahal izango da, azkunazentroa.eus webgunean izena emon ondoren. Eskaerea egin ondoren, saio bakotxeko Drafting Interior Techniques (Culturgest, Lisboa, 2019) argitalpenaren kapituluak bialduko jakez parte-hartzaileei, aurretik irakurteko.
Programea
Eguaztena, garagarrilaren 8an:
10:30-11.00 - Ixiar Rozas. Estudioa ukimenean. Mintegiaren sarrerea.
11:00-12:30 - Ion Munduate. Estudioa grabidadean. Mobiduten-mobiduta.
13:00-14:30 - Otto Ramstad (Bideokonferentzia). Estudioa anarkian. Estudioa grabidadean.
16:00-17:30 - Ula Iruretagoiena. Estudioa mobimentu ibiltarietan.
18:00-19:30 - Marc Badal. Estudioa anarkian. Estudioa grabidadean. Lurraren aldeko keinuak: grabidaderik eza eta estandarizazinoa.
Eguena, garagarrilaren 9an:
11:00-12:30 - Romain Bigé (Bideokonferentzia). Estudioa konpost-ean.
13:00-14:30 - María Muñoz, Pep Ramis. Estudioa soloan. Steve Paxtonen Goldberg Variations.
16:30-18:30 - María Muñoz, Pep Ramis eta Steven Paxton (Bideokonferentzia). Drafting Interior Techniques-i buruzko barriketaldia.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!