Osasun egoerara egokituko dabe 55. Durangoko Azokea
2020-06-29 13:22 KultureaOnline bersinoa izango dau lehenengoz.
Abendurako urte erdia falta dan arren, euskaltzale, musikazale eta irakurzaleak arduratuta dagoz Covid-19ak ze eragin izango ete dauen Durangoko Azokan. Landako Gunean pilotzen dan jentetzea ikusita, osasun arloko baldintzak bete ahal izango diran zalantzea dago. Gerediaga alkartekoek agerraldia egin dabe, horren inguruko argibideak emoteko.
Azaldu dabenaren arabera, Durangoko Azokeak 55. edizinoa beteko dau Landako Gunean, 2020ko abenduaren 5etik 8ra. TaupaDA! lemapean. Lau egun, zapatutik martitzenera. Barikua, ostera, ikasleentzat gordeko dabe, baina online izango da. Momentuko osasun eta segurtasun protokoloetara egokituko da azokea, antolatzaileek ziurtatu dabenez.
Landako Gunearen sarrera-urteeretan aforoa kontrolauko dabe, barruan jente gehiegi ez daiten pilotu. Ganera, aurkezpenak, zuzeneko emonaldiak eta ekitaldiak aurreko urteetan baino gitxiago izango dirala aurreratu dabe. Horren ordez, streaming bidez segidu ahal izango dira saio asko.
Beste nobedade nagusia azokearen online bersinoa izango da, norberak bere etxetik be kulturea eskura izan deian. Internet bidezko denda baten modukoa izango da: Webgunean sartu, disko eta liburuen ataletako nobedadeen artean aukeratu, eta etxean jaso ahal izango dogu erositakoa. Uda ostean detaile gehiago azalduko dituela aurreratu dabe.
Covid-19ak dana zalantzan ipini dauen sasoiotan, Durangoko Azokako arduradunek honako gogoeta hau egin dabe:
Une batez, gelditu egin jakun bihotza. Une batez. Gelditu. Itsu, mutu, gor. Gehiago ez entzuteko, ez ikusteko, ez irakurteko ikarea sartu jakun… Ezin kantetako, antzezteko, idazteko kezkea gorputz osoan zabaldu… Eta, bat-batean, taupada bat. Tau pa da. Eta gero bigarrena, hirugarrena, laugarrena. Sentidu egin dogu, zer pentsatua emon deusku, eta ekitera garoatza. Orain, argiago dakigu zer maite dogun. Zerk emoten deuskun plazera, indarra eta izatea.
Euskal kulturearen taupadak ez dira geratu, beraz, eta 2020ko abenduaren 5etik 8ra entzungo dira indartsuen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!