Paskual Rekalde eta Paula Kasares euskaltzain oso izateko aurkeztu ditue

Bizkaie! 2020-06-29 07:55   Kulturea

Garagarrilaren 17ko Osoko bilkuran jakingo da nork beteko dauen Andres Iñigo euskaltzain emerituaren lekua.

Donostian egunotan egindako Osoko bilkuran jakin izan danez, Paskual Rekalde eta Paula Kasares nafarrak izango dira Andres Iñigo euskaltzain emerituaren hutsartea beteteko proponidutako hautagaiak. Zezeilaren 28an, Bizkaiko Foru Aldundian egindako Osoko bilkuran zabaldu zan hautagaiak aurkezteko epea (legez, hile bikoa izan behar ebana), Andres Iñigo emeritu egin eben momentuan bertan. Jakina danez, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar ditue euskaltzain osoek. Baina epe hau luzatu egin behar izan da, martiko eta apirileko Osoko bilkurak bertan behera geratu ziralako, pandemiak behartuta. Horretara, Euskaltzaindiaren arautegiaren eta barruko-erregelen arabera, garagarrilaren 17ko Osoko bilkuran egingo dan botazinoaren ostean ikusiko dogu nor dan da euskaltzain oso barria.

Gogoratu behar da Euskaltzain osoa izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dabela; eta, proposamenaz batera, zerrenda bat egin behar da, hautagai bakotxak dituan merezimenduak nabarmenduz. Ondoren, euskaltzain osoek eta emerituek hautagaiei botoa emoteko aukerea izaten dabe.


Paskual Rekalde Irigoien (Amaiur, 1963)

Euskal Filologian lizentziaduna da EHUn eta, gaur egun, Nafarroako Gobernuko euskera itzultzailea da eta Eusko Jaurlaritzako Terminologia batzorde bereziko kidea. Zenbait lan eta artikulu argitaratu ditu euskera batuaren eta euskalkien eta Baztango euskerearen inguruan; horreen artean dagoz Mariano Izeta zanaren Baztango Hiztegia eta Dirua galgarri lanen edizinoa, eta Baztango, Malerrekako eta Bortzirietako agiri zaharretako zenbait toponimo eta oikonimoren inguruko lanak, Andres Iñigogaz batera atondutakoak.

Euskaltzain urgazle 2003an izentau eben eta Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariorde, 2018an. 2000an ekin eutson ibilbideari Akademian eta gaur egun zenbait batzorde eta lantaldetako kide da (Corpus, Euskalkiak, Euskaltzaindiaren Hiztegia, EBE, Gramatikea eta Onomastikea) eta, orobat, HIZBEA zerbitzuaren arduraduna.


Paula Kasares Corrales (Iruñea, 1969)

Soziolinguistika arloan egin ditu ikasketak eta lan ibilbidea. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan egin ditu. Lan jarduna euskerearen normalizazino teknikari lanetan hasi 3eban 1994an. 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zan eta egun, Euskerearen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzearen Zerbitzuko zuzendari, bai eta NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle be badabil.

Ikerketeari jagokonez, soziolinguistika, hizkuntza eskubide eta hizkuntza antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da. Komunikazino eta berbaldi ugari emon ditu Euskal Herriko nahiz atzerriko biltzar-mintegietan eta hondar hamarraldian, familian umeak euskaldun haztearen gaineko zabalkunde eta sensibilizazino jarduerei loturik ibili da. 2006tik euskaltzain urgazlea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu