Bilbo, Iruñea eta Baionara heldu da Mahaia 2020
2020-06-22 11:47 KultureaYves Chaudouët artistea da proiektuaren bultzatzailea.
Rekalde Aretoak (Bilbo), La Caracola kultur alkarteak (Iruñea) eta La Maison kultur alkarteak (Baiona) antolatutako proiektu artistikoa da Mahaia 2020, hiru urietako sormen artistikoaren bidegurutze lez abiatutakoa. Yves Chaudouët artisteak, Alexandra Baures eta François Loustau komisarioen laguntzinoagaz, sortutako egitasmoagaz bat egin dabe Bilbon, Iruñean edo Baionan lan egiten daben lau artistak: Alizée Armet, Carolina Otamendi, Eriz Moreno eta Sandra Cadenasek, hain zuzen.
Proiektuaren ardatza zortzi metroko diametroko egurrezko mahai biribila da. Topaketearen eta kolektiboaren sinboloa dala dinoe bultzatzaileek. Maiatzaren azkenetan Sarako Lizarrietako lepora eroan eben, eta ondoren, hiru zatitan banatu, Bilbo, Iruñea eta Baionara bana eroateko. Yves Chaudouët Rekalde Aretoan izango da eguaztenean, hilak 24, Bilbori jagokon erakusketea atontzen.
Hiru erakusketak abuztuaren 30era arte bisitau ahal izango dira. Rekalde Aretoaren kasuan, sartzea doban da.
Prozesu artistikoa
Saran egon zan mahaia hiru zatitan banatu eben, eta hortxe hasi zan prozesu artistikoa. Lau artistari (lehen aitatutako Armet, Otamendi, Moreno eta Cadenasi) eskatu eutsien artearen bidez hiru zatien bidegurutzea topetako. Hiru metodo erabili zituen Bilbo, Iruñea eta Baiona lotzeko: distantzia, denporea eta hiru urietatik pasetan dan zirkuluaren erdigunea. Billabona, Orio eta Aia izan ziran emoitzak, hurranez hurran.
Artista bakotxa bizi dan uritik hasita, Oriorako bidea egin eben, eta, behin han alkartuta, danak batera joan ziran Billabonara eta Aiara. Argazkien, bideoen eta audioen bidez bidaia hori dokumentau eben, erakusketa hirukotxerako piezak produziduteko oinarritzat erabilteko.
Hortaz, Mahaia 2020k jentearen eskura errealidade areagotuko aplikazino bat jarri dau, leku horreek bisitetako aukerea emoten dauena, lekutik mobidu barik. Aplikazinoa www.mahaia.eu helbidean deskargau daiteke, baina funtzionetako erakusketa-aretoetan eskuratu beharreko postalen bilduma bat behar da.
Mahaia 2020 mugaz gaindiko proiektutzat aurkeztu dabe, Euskadi-Nafarroa-Akitania Barria Euroeskualdeak babestuta, eta hiru eremu administratibootako erakundeak parte-hartzaile dirala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!