Hiru beka emongo ditu Komisario Barriak egitasmoak

Bizkaie! 2020-06-19 12:53   Kulturea

Artearen munduko profesionalen harrobia indartzea da asmoa.

Donostian aurkeztu dabe Komisario Barriak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailagaz lankidetzan, Komisario Barriak 2020 deialdia antolatu dabe Donostiako Tabakalerak, Gasteizko Artiumek eta Bilboko Azkuna Zentroak. Edegita dago deialdira aurkezteko epea, eta hiru beka izango dira jokoan, zentro bakotxeko bat.

Donostian egindako aurkezpenean egon dira Bingen Zupiria Kultura sailburua, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendaria, Fernando Perez Azkuna Zentroko zuzendaria, Beatriz Herraez Artiumeko zuzendaria eta Clara Montero Tabakalerako Kultura zuzendaria. 2020ko deialdiaren nondik norakoen barri emon dabe.

Zupiriak azaldu dauenez, lau helburu ditu ekimenak: Lehenik eta behin, arte komisarioen belaunaldi barri bat bultzatu nahi dogu. Era berean, ezagutzearen trukea sustatu nahi dogu Europako profesionalen artean. Hirugarrenik, artista barriak sartuko doguz Europako arte zirkuluetan. Azkenik, lankidetza sareak sortu nahi doguz tokiko erakundeen artean.

Komisarioen lanbideagaz loturea daben personek aurkeztu leikie hautagaitzea: Historialariek, artistek, komisarioek eta ikerketearen arloko beste profesional batzuek. Eskabideak egiteko epea garagarrilaren 10ean amaituko da. Tabakalerak, Artiumek eta Azkuna Zentroak beka bana emongo dabe, zeetro bakotxaren beharretara eta ikuspegira egokituta. Hautagaiek zentro batera baino gehiagotara aurkeztu leitekez, interesa badabe.

2020ko Komisario Barriak egitasmoaren deialdiak 30.000 euroko aurrekontua dau; hortaz, gehienez 10.000 euro bideratuko dira proiektu bakotxera. Bekak emoteko erispideen artean egongo dira hautagaiaren interesa eta egokitasuna, bideragarritasuna eta ibilbidea.

Bilboko Azkuna Zentroaren kasuan, kultura-kuradoretzearen aldeko apustua egin dau. Erakusketeak edo beste edozein gailuk edo metodologiak funtzionatuko dau diziplina batetik bestera igarotzeko kapitulu lez, aurretiazko ikerketen eta ezagutzen eraginpean, ipini dabe baldintzatzat hango arduradunek. Hortaz, erakusketearen espazioa eta denporea inplikauko dituan komisariotzea jarri nahi dabe martxan, baina, aldi berean, horreek gainditzeko gai izango dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu