Gaztelugatxen sartzeko mugak ipiniko ditue

Bizkaie! 2020-06-18 08:44   Kulturea

Garagarrilaren 1ean zabalduko dabe, baina egunean 960 bisitari baino ez ditue onartuko.

Pandemiagaitik Gaztelugatxera joan ezinda egon dira bisitariak asteotan, baina Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu dauenez, garagarrilaren 1ean barriro edegiko dabe inguru hori guztia. Hori bai, muga zorrotzak egongo dira, osasun arloko segurtasuna bermatzeko.

Muga nagusia jente kopuruari jagokona da. Lehendik be eguneko bisitari kopurua mugatzeko neurriak hartuta eukazan Foru Aldundiak, Gaztelugatxe Biotopo Babestua dalako, eta azken urteotako jente oldeek kalte egiten eutselako. Uda honetan, eguneko 960 lagun baino ez ditue onartuko.

Ganera, norabide bakarreko ibilbideari segidu beharko deutse bisitariek. Urizarretik sartu eta Ermutik urten arte, ezarritako norabidea egongo da, eta, holan, kontrako norazkoan datozanakaz ez dira gurutzatuko. Osasun baldintzak beteten dirala kontroletea be errazagoa izango da Foru Adundiarentzat.

Gaztelugatxen sartzeko dobako gonbidapen-txartelak banatzen hasiko dira bagilaren 20an, zapatua, horretarako ezarriko dan web plataforman. 10:00etatik 18:30etara arte sartu ahal izango da Biotopo Babestuan, eta bisitariak taldetxutan banatuko ditue, 15 eta 40 minutu bitarteko txandetan sartu daitezan. Gehienez 48 persona onartuko ditue txanda bakotxean.

Bisitariek momentu guztietan gorde beharko dabe segurtasun tartea. Hori ezinezkoa dan lekuetan, adibidez ermitan sartzeko eskaileretan, maskarea jantzi beharko dabe.

Helduentzako zein umeentzako autogidak erabili ahal izango ditue bisitariek, azalpenak euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta alemanez dituenak. Gaztelugatxeko Biotopo Babestura egindako bisiten esperientzia hobetzeko eta bertako historiari, ondare naturalari eta tradizinoei buruzko jakingarriak ezagutarazoteko izango da.

Beste alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiak erabagi dau Urizarreta aldean ez dauela aparkalekurik egingo. Proiektua behin behinean eten eben, bisitariak mugatzeko neurriek auto kopuruan zelan eragiten eben jakin arte. Itxurea danez, Covid-19agaitik ezarritako mugak ikusita, eta Gaztelugatxera heltzeko garraio publikoaren aldeko apustua egingo dala kontuan izanda, aparkalekua ez da beharrezkoa izango, eta egitasmoa behin betiko baztertu dabe.

120 plan

Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak kanpaina bi aurkeztu ditu, bertoko bisitariei eta inguruko lurraldeetatik datozanei zuzenduta. Covid-19ak eragindako egoereagaitik, aurtengo udako kanpainetan hurreko turismoa lantzea erabagi dau Jaurlaritzeak, batez be Euskal Herrikoak eta Espainiatik datozanak gogoan.

Kanpaina horreen barruan, egun bakarrean egiteko moduko 120 ibilbide atondu ditue, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako txokorik interesgarrienak erakusteko, uri, herri zein landa eremuetan. Eskaintza gstronomikoa be nabarmentzen da, erkidegoaren indarguneetako bat dalakoan.

Webgune bakarrean batu ditue 120 planak, ikusi hemen.

Horrezaz gan, kanpaineak The Basque Route dalakoa bultzatuko dau, azken urte honetako lehentasunezko proiektuetako bat. Atari horretan, zortzi etapa eskaintzen dira solte edo alkarren atzetik egiteko, EAEra autoan datozan turistei zuzenduta. Lau hizkuntzatan, eguneroko ibilbidea planifiketako modua emaoten dau guneak, bidean topau daitekezan esperientzia guztiak batuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu