Deustu protagonista Bilboko bisita gidatuetan
2020-06-17 12:37 KultureaIzena emoteko epea hilaren 22an zabalduko dabe.
Bilboko Udalaren Bilbao Izan programearen barruan antolatutako bisitaldi gidatuei berrekingo deutsie udan, oraingoan uriko Lehenengo Barrutia gizarteari ezagutzera emoteko asmoz, hau da, Deustuko Errepublika edo udalerri zaharra izan zaneko eremua. Garagarrilean Deustu auzoa izango da protagonista, Arangoiti (abuztuan), Ibarrekolanda-Sarriko (irailean) eta San Inaziora (urrian) jo aurretik.
Ezagutu oinez izeneko bisitaldietan, Deustuko kaleak, txokoak eta bitxikeriak ezagutuko ditue parte-hartzaileek, baita nortasun handiko auzo horretako historia be. Bilboko uribildua sortu aurretik jentea bizi zan bertan, eta menderik mende tomateak eta txakolina bihurtu ziran hango produktu ospetsuenak. XX: mendera arte, udalerri independentea izan zan, eta San Pedro eleizearen inguruan egoan udaletxea.
Ordu eta erdiko bisitak izango dira, oinez, eta gidari batek emongo ditu azalpenak. Eguen arratsaldeetakoak euskeraz izango dira. Ganera, taldeek euskerazko bisitaldiak egitea hitzartu ahal izango dabe beste ordu edo egun batzuetan, aurretik eskaria egin ezkero.
Era berean, igaz izan eban arrakastea ikusita, Ezagutu oinez familian ekimena barriro egingo dabe. Kasu honetan be bisita gidatuak dira, baina familian eta umeakaz gozetako egokituta dagoz azalpenak. Beste bisitaldietan legez, familiakoetan be Deustu erakutsiko dabe garagarrilean. Euskeraz zein gaztelaniaz egiteko aukerea egongo da.
Bagilaren 22tik, astelehenetik, emon ahal izango da izena bisitaldietan parte hartzeko, doban, 944 010 010 telefono zenbakira deituta. Kontuan izan behar da txanda bakotxean parte hartu leiken jente kopurua aurreko saioetan baino txikiagoa izango dala, Covid-19ari aurre egiteko neurriakaitik: Bisita arruntetan hamabost lagun onartuko ditue gehienez; familientzakoetan, hamabi. Maskarea derrigorrez jantzi beharko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!