Instagrameko iragazkien lehiaketea ipini dau martxan Getxophotok
2020-06-11 08:16 KultureaGaragarrilaren 31ra arte bialdu leitekez proposamenak.
Iraileko edizinorako motorrak berotzen dabil Getxophoto, Irudiaren Nazinoarteko Jaialdia. Ikusizko adierazpideetan azken jokerak eta proposamen barritzaileenak topetako ahaleginean, Instagram sare sozialetako erabiltzaileen artean zabaldu dan joko bategaz topo egin dabe antolatzaileek. Filtroak edo iragazkiak norberaren argazkiak aldatzeko erabilten dira, normalean ikutu umoretsuagaz.
Hortaz, Instagrameko iragazkiren bat sortu dabenek, edo lehiaketa honetarako sortu nahi dabenek, euren proposamena bialdu besterik ez dabe egin behar, garagarrilaren 31 baino lehen. Parte hartzea doban da, eta 400 euroko sari bakarra emongo dabe. Noiz agenda kulturalagaz alkarlanean antolatutako lehiaketea da.
Gai nagusia Kalera bueltau da: Konfinamenduaren ostean jentea kalera zelan bueltau dan jakin nahi dabe Getxophotokoek, sormenari eta herritarren parte-hartzeari lehentasuna emonda. Iragazkiak, beraz, gai horregaz lotuta egon beharko dira. Alderdi teknikoari jagokonez, Spark AR Studio aplikazinoa erabili behar da iragazkiak sortzeko. Parte hartzeko, bete formularioa hemen.
Izena emoteaz gan, istorio bat grabau behar dabe parte-hartzaileek Instagramen, filtroak erakusten dituana, eta @getxophoto eta @noizagenda erabiltzaileak aitatuta, baita #backonthestreets etiketea be.
Abuztuaren 15ean emongo dabe irabazlearen barri. Epaimahaian hiru lagun egongo dira: Jon Uriarte, jaialdiko komisarioa; Paula Gómez, Getxophotoko kidea; eta Guillermo Royo, Noiz agendako kidea. Bestetik, jasotako iragazkien bildumea egingo dabe jaialdiaren sare sozialetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!