Kulturea babesteko deialdi bi zabaldu ditu Bilboko Udalak
2020-06-10 12:44 KultureaSektoreko sortzaileei Covid-19aren ondorioei aurre egiten laguntzea da asmoa.
Bizkaiko sektore artistikoari laguntzeko asmoz, deialdi berezi bi atera ditu Bilboko Udalak, BilbaoArte Fundazinoaren bidez, Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko eta arte garaikidea sustatzeko. Produkzino kulturalerako baliabideak emongo ditue, 100.000 euro baino gehiago erabilita.
Ohar baten azaldu dauenez, Udalak arte eta kultura produktoreen funtsezko eginkizuna nabarmendu nahi dau, hareen ekarpena ezinbestekoa dalako. Krisiek gogor eragiten deutse kolektiboari eta, ganera, deialdion bidez kulturgileen lana berreskuratu nahi dabe, hareen sorkuntzak eta gogoetak gizarteratuz.
Deialdietako bat Ekaitzaren ondoren erakusketarako eta ekintza osogarrietarako parte-hartzaileak topetako da. Jasotako proposamenakaz erakusketa bat edo batzuk egingo ditue, eta 2.000 euroko 25 laguntzino banatu. Ostean, bost proiektu artistiko aukeratuko ditu BilbaoArtek, gaur egungo egoerako erantzun sozial, ekonomiko, politiko eta artistikoa aztertu eta horren ganeko gogoetea egiteko.
Beste deialdia, Isiluneen artean izenekoa, pentsamendu kritiko kulturalari buruzkoa da. Arte garaikideko praktiken bidez Covid-19ari emon jakon erantzun kritikoa ezagutu eta zabaltzea da asmoa. Jasotako testuetatik 30 aukeratuko ditue gehienez, eta horreek zabaltzeko ehun euro emongo deutsez autore bakotxari. Ganera, epaimahaiak irabazle nagusi bat be izentauko dau, eta horrek 1.200 euroko saria jasoko dau.
Bizkaian jaio edo bizi diran artistek eta pentsalariek hartu leikie parte deialdi baten zein bestean. Edade aldetik ez dago mugarik. Oinarriak eta argibide gehiago, BilbaoArte espazioan, Bilboko Urazurrutia kalean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!