'Nobela errealista bat' dakar Joxean Agirrek

Bizkaie! 2020-05-21 10:24   Kulturea

Bere ohiko estilotik pixka bat urrundu da autorea, errealismoa eta thriller erako narrazinoa buztartuta.

Osasun larrialdiak goia jo baino egun batzuk lehenago, dana eukien prest Joxean Agirre idazleak eta Elkar argitaletxeak Nobela errealista bat izeneko liburua aurkezteko. Covid-19ak, baina, planak atzeratzea eragin dau. Birusa geure ingurutik guztiz joan ez dan arren, Agirrek azkenik aurkeztu ahal izan dau bere nobelea, modu telematikoan bada be.

Izenburuak dakarren legez, nobelea da, bai, Nobela errealista bat, eta errealistea. Zarautz da kontakizunaren ardatzetako bat, eta argumentuan tartekatzen dira errealidadeari begitzea, hilketak, gatazka politikoa, maitasun kontuak... Agirrezabala idazleari (Joxean Agirreren espilu izan leiteken pertsonaiari) nobela errealista bat idazteko eskatu deutsie, eta Mikel Lejarza, El lobo, ETAn infiltrautako poliziaren ganeko liburua egitea pentsau dau.

Nobelea amaitu eta gitxira, baina, idazlea hil egingo dabe. Taxilari batek hartuko dau hileta misteriotsua argitzeko ardurea. Agirrezabalaren maitalea taxilariaren emaztea da, horra bien arteko loturea. Argitaletxeko behargina dan Leiregaz batera ahaleginduko da jazotakoa aztertzen. Euskal gatazkeagaz lotutako pasadizo ugari ezagutuko ditu irakurleak pertsonaien ahotik.

Joxean Agirreren elebarrigintzan ohikoak diran ezaugarri asko batzen ditu Nobela errealista bat-ek, baina barritasunak be badakarz. Erritmo biziko kontakizuna da, thriller itxurea hartzen dauelako momentu askotan. Errealismora jotea izan da beste nobedade nagusia.

Idazlearen beraren arrastoak han eta hemen topau leitekez nobelan, protagonisteari bere ezaugarri asko ipini deutsazalako Agirrek, antzeko izenetik hasi eta Zarautzen bizi izateraino. Pertsonaiaren jokabidea zalantzan jarrita, bere buruari barre egiteko modua topau dau autoreak, eta nobeleari umore ikutua emon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu