Korrika Sorkuntza Bekea aurkeztu dau AEK-k

Bizkaie! 2020-04-06 11:44   Kulturea

2020ko urrian hasiko dira proposamenak jasoten.

Ez dira sasoi oparoak euskal kulturearentzat, Covid-19ak eragindako geldialdia dala eta. Asteotako albiste ilunei kontrapisua egiteko asmoz emon dau barria AEK-k: Euskal kultur sortzaileentzako bekea sortu dau, eta Korrikagaz bat eginaz, urte birik behingoa izango da. Deialdi bakotxean proiektu bat sarituko dabe, Korrika Kulturalaren zirkuituaren parte izan daiten.

Euskal kultur sorkuntzeari bultzadea emotea da beka barriaren helburua, AEK-k azaldu dauenez. Horrezaz gan, Korrikaren inguruan antolatzen dan eskaintza kulturalari bueltea emon nahi deutsie, eta bekearen irabazlearen ikuskizuna bihurtuko da Korrika Kulturalaren ekitaldi nagusia.

Korrika Sormen Bekearen lehenengo edizinoa uda ostean hasiko da, urrian. 2021eko urtarrilera bitartean, sortzaileek eta artistek proiektuak aurkeztu ahal izango ditue. Disziplinak buztartzen dituen ikuskizunak zein disziplina bakarrekoak onartuko dira, baina agertoki edo plaza baten emoteko modukoak izango dira derrigorrez. Euskal sortzaile guztiek hartu leikie parte, gehienez proiektu bina bialduta.

Irabazleari 23.000 euroko bekea emongo deutsie proiektua ikuskizun bihurtu deian. 2023ko Korrikagaz lotuta egongo da lehenengo deialdia. Beraz, 2022ko zemenditik 2023ko apirilera ibiliko da Euskal Herri guztiko oholtzetan, Korrika Kulturalaren barruan.

Bekarako hautagaitzea aurkezteko oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu