Literaturia 2020, bertan behera
2020-04-06 08:04 KultureaBeste fetxa baten egiteko aukerea ez dabe baztertu.
Literaturgile eta zaleen udabarriko hitzordua da Zarauzko Literaturia jaialdia, baina Covid-19 gaixoari aurre egiteko neurrien eraginez, aurtengo edizinoa ez dala egingo erabagi dabe antolatzaileek, ez behintzat hasieran pentsautako fetxetan. Maiatzaren 29tik 31ra egon da iragarrita 2020ko edizinoa.
Zarauzko Udalagaz hartu-emonetan dabiz antolatzaileak, Literaturia beste momentu baten egiteko aukerarik ete dagoan jakiteko. Edozein kasutan, ez litzateke udabarrian izango, geroago baino. Ganera, asteburu osoko formatuari eutsi ahal izango deutsienik ez dabe uste, beharbada jaialdi laburragoa egin beharko dabe, fetxa egokia topau ezkero. Sortzaileakaz be berbetan dabiz, honen guztiaren barri emoteko.
2009an antolatu eben lehenengo aldiz Literaturia, Larrabetzun. Hainbat urtez Txorierriko herri horretan egin eta gero, Zarautzera aldatu eben 2014an, holan aukera handiagoak zabalduko ziralakoan. Urterik urte finkatzen joan dan hitzordua da eta era askotako jentea erakarten dau, gazte zein zahar. Euskal literaturea da ardatza, baina bestelako adierazpide kulturalek be badabe lekua.
Igazko edizinoan Anjel Lertxundi omendu eben, Otto Pette liburuaren lehenengo edizinotik 25 urte bete zirala eta. Liburu aurkezpenak, irakurraldiak, musikea... be egon ziran. Aurten barriro atondu dabe hiru eguneko egitarau potoloa, baina itxaron egin beharko dogu horregaz gozetako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!