Guggenheim-ek eta BBK-k 'Museoa familiartean BBK-gaz' ekimena jarri dabe abian
2020-04-06 08:31 KultureaEkimenaren helburua etxeko txikienen sormena eta arteagazko interesa piztea da.
Apirilaren 3tik aurrera, neska-mutilek eta familiek hezkuntza eta artea buztartzen dituan proposamen digital barria dabe eskura: Museoa familiartean BBK-gaz. Ekimenaren helburua etxeko txikienen sormena eta arteagazko interesa piztea da, baita umeentzako aurrez aurreko jardueren ordezko aukera bat eskaintzea be Guggenheim Bilbao Museoak zarratuta jarraitzen dauen bitartean.
Tailer, esperientzia edo ipuin-kontaketa formatuko heziketa-saio ludikoak jasoten dituen bideoak dira, 15 minutu inguruko iraupenekoak eta sei artista eta ipuin-kontalari bat dira saio horreen gidariak: Elssie Ansareo, Miren Arenzana, Ibon Sáenz de Olazagoitia, Nerea Lekuona, Manu Muniategi, Manu Uranga eta Catalina Martínez-Moro kontalaria (Cataplina Encuentada), danak be Museoaren hezkuntza-programazinoan dabizen profesionalak.
Astean hiru bideo argitaratuko dira hemen: tailer bi euskeraz eta gaztelaniaz eta ipuin-kontaketa saio bat ingelesez. Cataplina Encuentadak emon eutson hasierea kategoria honi apirilaren 3an Elephant & Piggie ipuinagaz: lehenengo bideo horretan, ilustrazinoen laguntzaz kontetan dau ipuina, eta bertako personaien maskarak egitea proponiduten deutse umeei. Hurrengoa Elssie Ansareo izango da, datorren apirilaren 7an, martitzenean; harek tailer bat emongo dau, kolore jakin bat erabilita artista-liburu bat sortzen ikasteko; tailerrerako beharrezko materialak zeintzuk diran azaldu eta artista-kaiera edo liburua osotzeko jarraitu beharreko urratsen barri emongo deutse familiei. Datorren astetik aurrera, hiru bideo barri argitaratuko dira eguenero.
Artista-tailerretan parte hartzen daben familiei gonbidapena egin jakee etxean egiten dituen obren argazkiak Museoaren sare sozialetan jarri deiezan #MuseoaFamiliarteanBBK-gaz traoleagaz.
Guggenheim Bilbao Museoaren eta BBKren honako hezkuntza-proposamen hau Museoak orain egun batzuk bere webgunean abian jarritako #GuggenheimBilbaoLive atal barriaren barruan dago; atal horren helburua erakusketei eta Museoaren jarduerearen alde ezezagunei buruzko ikus-entzunezko edukiak etenbarik zabaltzea da, holan herritarren ondoan egon eta itxialdia errazago eroaten laguntzeko.
Argitaratzen ditugun bideo barriak astero epostaz jaso nahi izan ezkero, aukerea dago Community-ko Jarraitzaile moduan doban izena emoteko. Museoak artearen eta kulturearen inguruan dauen komunidadea da Community.
Umeak eta familiak lehentasunezko publikoa dira Guggenheim Bilbao Museoarentzat eta, horrenbestez, eurentzako berariaz sortutako aurrez aurreko programazino zabala eskaintzen deutse artista, ipuin-kontalari eta bestelako kolaboratzaileen eskutik, BBK-ren babesari esker. Museoa familiartean BBKgaz ekimenak Museoan bertan gauzatzen diran jarduera horreek ordezkatuko dituen aukera barriak eskaintzea dau helburu, itxialdian zehar txikienakaz hartu-emonei bizi-bizi eusteko.
Ikasi Museoan BBK-gaz
Ekimena Guggenheim Bilbao Museoaren Hezkuntza eta BBK programa globalaren barruan dago kokatuta. Azken hori BBKren babesagaz egiten da eta elementu ezbardinak erabilten ditu: ikastetxeei, familiei zein premina bereziak dituen kolektiboei zuzendutako heziketa programea, jarduera eta tresna bilduma zabala alde batetik eta bestetik, publikoari Museoko eduki artistikoak hobeto ulertzen eta hareetaz gozetan laguntzeko baliabideak, zelakoak diran erakusketen didaktika-guneak eta dobaneko entzuteko gidak.
BBK Family familiei seme-alabak hazten eta hezten laguntzeko proiektu barria da, irabazi asmorik bako EDE Fundazinoa eta Bidegintza GEK gizarte-erakundeakaz lankidetzan gauzatua. Proiektu honek DOMO instalazino ibiltaria, web plataforma bat (bbkfamily.eus) eta Bizkaian zehar ibiliko diran ekitaldiak buztartzen ditu; psikologia, pedagogia eta hezkuntzako profesional-talde batek parte hartzen dau bertan; eta seme-alabak hazi eta hezteko baliabideak eskaintzea dau helburu. Ekimenak Bizkaiko familien hezkuntza-gaitasunak sustatu gura ditu, baita gizarte eta hezkuntza-komunidadea indartu be, lehen mailako prebentzinoaren eremuan erreferentziazko zentro izateaz gan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!