Konsoni Lantegiko bisitak egokitzea erabagi dabe
2020-03-20 09:58 KultureaSare sozialen bitartez eskainiko dabe informazinoa industria-ondareari buruz.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Alkarteak (AVPIOP-IOHLEE) erabagi dabe Konsoni Lantegira egiten diran bisita gidatuak egokitzea eta informazino hori, ahal dan neurrian, sare sozialen bitartez eskainiko dabe. Erabagi horren arrazoiak Euskadiko Herri Babeseko Planaren aktibazinoa eta martiaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak ezarritako larrialdi-egoerea dira.
Ekimenaren helburua da orain arte legez Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondarea zabaltzen jarraitzea, kontuan hartuta Covid 19a ez zabaltzeko hartutako neurriak. Konsoni Lantegirako bisitak barikuetan egiten ziranez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta AVPIOP-IOHLEEk erabagi dabe ekimen hori bariku guztietan bultzatzea murrizketek irauten daben bitartean. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko industria-ondarean interesa daben personek aukerea izango dabe Konsoni Lantegian biltegiratutako ondarearen inguruko informazino kualifikatua etxetik bertatik jasoteko. Horretarako, nahikoa dabe #PatrimonioIndustrialEnCasa - #IndustriaOndareaEtxetik traolak erabiltea, bai twitterren, bai facebooken be. Aurrez aurreko bisitetan legez, erabiltzaileek zalantzak argitu eta ekarpenak egiteko aukerea izango dabe.
Konsoni Lantegia
Zorrotzaurren kokatuta dago (Bilbon), eta EAEko industria-ondare garrantzitsuena dago bertan. Consonni enpresan tranbia-balaztak eta motor elektrikoen osogaiak egiten zituen sasoi batean eta, 2002tik aurrera, instalazino horreetan era guztietako industria-elementuak batzen hasi ziran, Eusko Jaurlaritzak Barakaldoko Orconerako pabilioietan 80ko hamarkadatik biltegiratuta egoan industria-materiala bertara eroatea erabagi ebanean. Era berean, 2017tik Konsoni sarri bisitatua izaten hasi zan Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako bisita gidatuen programa baten bitartez, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Alkarteagaz lankidetzan.
Egun, Eusko Jaurlaritzako eta Barakaldoko Udalaren arteko hitzarmen bati esker, aurreikusi da Konsoni Lantegia hutsitu eta bilduma osoa jatorrizko lekura eroatea: Barakaldoko Orconerako pabilioietara. Hor, Eusko Jaurlaritzeak Orconera-Lutxanako Industria Ondarearen Bildumea jarriko dau martxan hurrengo udagoienean eta egun Konsonin biltegiratutako material osoa hantxe egongo da, baita etorkizunean jaso ahal izango diran beste elementu batzuk be. Eusko Jaurlaritzeak aste honetan onartu dau Barakaldoko Udalak pabilioi horreek laga eta aitatutako industria-ondareari buruzko bildumea hortxe jartea.
Konsoni Lantegian dagoan materialaren artean, besteak beste, honakoak dagoz: Bizkaiko Labe Garaietako elementuak, Euzkadi egunkariaren errotatibea, Bilboko portutik ataratako elementuak (adibidez, garabiak eta mutiloiak), Eibarko armategietako piezak, Lube Barakaldoko markako motorrak, Muskizko Petronor instalazinoko maketak edota joan dan mende hasierako suhiltzaileen kamioia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!