Etxetik egiteko lehiaketea antolatu dau Bilboko Euskal Museoak
2020-03-18 13:09 KultureaEguneroko objektuei argazkiak atera eta museoko piezakaz konparau behar dira.
Bilboko Euskal Museoa zarratuta dago egunotan, eta jentea be, etxetik urten ezinda, Covid-19 birusa ez daiten zabaldu. Hartara, museoaren ondarea herritarren etxeetara eroateko modu dibertigarria asmau dabe, argazki lehiaketa bat hain zuzen. Kalera urten barik pasau beharreko orduetarako entretenimendua, eguneroko bizimoduaz gogoetea eta gure arbasoen ohiturak ezagutzea dira ekimen barriaren abantailak.
Parte hartzeko modua erraza da. Lehenik eta behin, etxean dagoan objektu bat aukeratu behar dau partaide bakotxak, eguneroko bizitzan erabilten dana. Euskal Museokoek eskatu dabe objektua ondo aukeratzeko eta horren inguruan gogoetea egiteko: Zelan heldu da etxera? Zertarako erabilten dogu? Beste ezer erabili geinke gauza bera egiteko? Noiztik da ohikoa gure etxeetan?.
Hurrengo pausua Euskal Museoaren Ensime plataforman sartzea da (hemen), bertan dagozalako museoko pieza gehienen informazinoa eta argazkiak. Aukeratutako objektuagaz zerikusia dauen beste bat topau behar da antxinako piezen artean. Gaur egungo eta sasoi bateko erabilerearen eta bizimoduaren arteko konparaketea egin behar da.
Azkenik, argazkia atera behar jako etxeko objektuari. Museoko piezeagaz daukan loturea azaltzeaz gan, parte-hartzaileak bere buruari egin deutsazan galdera-erantzunak eta argazkia bialdu behar ditu, helbide honetara: itziar.martija@bbmuseoak.eus .
Argazkiak eta gogoetak martiaren 27ra arte bialdu leitekez. Irabazleari Euskal Museoan sartzeko urteko txartela emongo deutsie. Ganera, beste parte-hartzaileen argazkiak ikusi eta botoa emon ahal izango da, lotura honetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!