Lygia Clarken esperimentazinoei lekua egin deutse Guggenheim Museoak
2020-03-06 08:09 KultureaArtista brasildarrak 1948 eta 1958. urteen artean marraztutako koadroak dira.
XX. mendearen bigarren erdian, arte abstraktuaren ordezkari nagusietako bat izan zan Lygia Clark brasildarra (Belo Horizonte, 1920-Rio de Janeiro, 1988), baina Bilboko Guggenheim Museoak atondu dauen erakusketan figurazinoaren eta abstrakzinoaren arteko esperimentazinoan ibili zaneko obrak ipini ditue. Gerora erreferentziazko autore bihurtu eban estiloaren bila egindako esperimentazinoaren emoitzak dira, 1948 eta 1958 artean sortuak.
Geaninne Gutiérrez-Guimarães ikerlaria da Lygia Clark, pintura eremu esperimental gisa erakusketearen komisarioa. Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariagaz batera egin dau agerraldia, erakusketa barriaren nondik norakoak azaltzeko. Barikuan, martiak 6, gogoeta konpartidu baten hartuko dau parte Gutiérrez-Guimarãesek, Guggenheimen bertan.
Lygia Clarkek hasierako urteetan sortu zituan koadro figuratibo esanguratsu batzuk ikusi leitekez, baita sasoi haretan landu zituan sail batzuetako piezak be. Artista brasildarrarentzat, eremu esperimentala zan pinturea, tradizinoaren mugak apurtzeko asmoz egiten eban lan, berau barriro definiduteko. 1950eko hamarkadako korronte artistiko batzuetako kide izan zan, adibidez arte konkretua eta abstrakzino geometrikoa.
Helduaroko estilora heldu baino lehenagoko hamarkada horren barruan be, Lygia Clarkek bilakaera nabarmena izan eban. Hori dala eta, Guggenheim Museoko erakusketea hiru atal kronologikotan banatu dabe: Aurreneko urteak (1948-1952); Abstrakzino geometrikoa (1953-56); eta Formearen aldaketak: espazioa moduletan (1957-58).
Aurten ehun urte beteko dira Lygia Clark jaio zala. Nazinoarteko oihartzuna dauen erakusketa honek haren lehenengo sorkuntzak dakarz, Latinoamerikan eta 1950eko hamarkadako korronte artistikoen barruan izan eban lekua azpimarratuta. Rio de Janeiroko Lygia Clark Kultur Alkartearen eta artistearen familiaren laguntzinoa ezinbestekoa izan da erakusketea antolatzeko orduan.
Martiaren 6tik maiatzaren 24ra bitartean egongo da erakusketea Bilbon. Bagilean Veneziara eroango dabe, hango Peggy Guggenheim bildumara.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!