Euskal artista ugariren obrak Madrilgo ARCO azokan

Bizkaie! 2020-02-26 08:40   Kulturea

Bertoko galeria bakarra egongo dan arren, kanpoko beste batzuek be eroan dabe euskal artea.

Alain Urrutia, 'Meuse Mit De Parel' (2017). Casado Santapau galeria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaur, hilak 26, hasiko da Madrilen ARCO, arte garaikidearen inguruko azoka garrantzitsuenetako bat. Urtero legez, euskal artistek eta galeriek ez dabe hutsik egingo, piezak erakutsi, saldu eta erosle barriak ezagutzeko aukera ederra dalako. Halandabe, aurreko urteetako jokera negatiboari eutsi deutsie galeriek, eta aurtengo edizinoan bat baino ez da egongo, Bilboko Carreras Múgica.

Gehienbat euskal artisten obrak eroan ditu Carreras Múgicak ARCOra, atzerriko autore batzuenakaz batera. Eduardo Chillida, June Crespo, Pello Irazu, Erlea Maneros, Asier Mendizabal eta Juan Pérez Agirregoikoaren lanak dagoz Bilboko galeriak Madrilerako atondutako bilduman. Richard Serraren piezak be badagoz tartean.

Beste euskal artista askoren lana kanpoko galeriei esker ikusi leiteke ARCOn. Esther Ferrer (1 Mira Madrid eta A. Barcelona galerien espazioetan) eta Alain Urrutia (Casado Santapau) dira horreetako batzuk.

Ganera, Hauser & Wirth galeria suitzarrak Eduardo Chillida eskultoreari stand monografikoa emon deutso. Artista gipuzkoarraren ikuspegi monumental eta era berean intimoa eskaintzea da monografikoaren asmoa, galeriako arduradunen esanetan. Chillidaren pieza monolitiko bat eta hainbat grabadu eta serigrafia ipini ditue espazio horretan.

Martiaren 1era arte egongo da zabalik ARCO, Madrilgo Ifema erakustazokan. Mundu guztiko artista, galerista, bildumagile, aditu eta zaleak alkartuko dira, It’s just a matter of time leloa daroan edizinoan. 209 galeria parte-hartzaileen eskutik, 2.000 artista ingururen obrak ikusi ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu