Idazleak eta ilustratzaileak alkarregaz Bilbo Zaharra Forumen

Bizkaie! 2020-02-25 11:43   Kulturea

Martiaren 3an, 4an eta 5ean egingo ditue jardunaldiak.

Literaturearen sorkuntzan pisu handia daben figura bi, idazlea eta ilustratzailea, aurrez aurre ipiniko ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak, Bilbo Zaharra Forum zikloaren hurrengo hitzorduan. Euskal literaturan, batez be ume eta gazteentzako liburuetan agertu izan da marrazkilarien lana. Zeregin horretan ibilten diran hiru lagun konbidauko ditue, eta beste horrenbeste idazle, Egilea eta ilustratzailea lemapean.

Hitzorduak martiaren 3an, 4an eta 5ean izango dira. Alkarregaz behar egin daben idazle eta ilustratzaile bana egongo dira egunero. Euskaltzaindiaren egoitzan, Bilboko Plaza Barrian, izango dira saioak, 19:00etan, doban.

Lehenengo egunean, martiaren 3an, Anjel Lertxundi eta Antton Olariaga batuko ditue Bilbo Zaharra Forumen. Helduentzako nobela eta artikulu ugari idatzi dituan arren, ezin da ahaztu Lertxundi autore oparoa dala ume eta gazte literaturan be. Antton Olariaga, bestetik, prentsako komikiakaitik da ezaguna, Zakilixut pertsonaiari esker, eta liburuetarako marrazten be ibili da.

Bigarren egunean, Bernardo Atxaga idazlearen eta Mikel Valverderen txandea izango da. Xola saileko liburuei esker, Euskadi Literatura Saria emon eutsien Atxagari, ume eta gazteen atalean dauen trebetasunaren erakusgarri. Valverde 1990eko hamarkadearen erditik dabil ilustrazinoan, eta liburu ezagun-ezagunetan egin dau lan, tartean Atxagak idatzitakoetan.

Azkenik, hilaren 5ean, Mariasun Landa eta Elena Odriozola pasauko dira Plaza Barritik. Euskeraz ume eta gazteentzat idazten dabenen artean oparoenetakoa da Landa, Euskadi Saria eta Espainiako Sari Nazionala irabaziak ditu. Odriozolak be horreek sari biak irabazi izan ditu behin baino gehiagotan, ilustrazinoaren atalean, bertoko zein atzerriko argitaletxeentzat egindako lanagaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu