Atx konpainiak irabazi dau XX. Donostia Antzerki Saria
2020-02-24 12:30 Kulturea7ak bat obreagaitik emon deutsie saria.
Donostiako Udalak eta Donostia Kultura erakundeak 2000. urtetik antolatzen daben antzerki sariaren 20. edizinoak badauka irabazlea, Atx konpainiaren 7ak bat hain zuzen. Martiaren 27an, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunean izango da saria emoteko ekitaldia, Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldi horretan, obra irabazlea ikusi ahal izango da.
2019. urtean euskeraz estreinautako helduentzako antzezlanek hartu dabe parte sariketearen edizino honetan. Danetara hamalau estreinaldi egon diran arren, hamabik bete ditue saria irabazteko baldintza guztiak. Danen artean 7ak bat aukeratu dau epaimahaiak, baina goi mailako obra ugari egon dira, Arriaga Antzokiaren eta Eusko Ikaskuntzaren produkzinoak tartean.
Epaimahaian honeek egon dira: Iñigo Aranburu, Maider Galarza, Frank Suarez, Arantxa Moñux, Arantzazu Fernandez, Harri Beloki eta Edurne Soraluze. Azken biak publikoaren ordezkari izan dira, eta ganerakoak, antzerkigintzearen munduko adituak dira.
Gizakiaren izakera gaiztoaren inguruko satira fresko eta dibertigarria da 7ak bat, zazpi pekatu nagusietan oinarritua. Epaimahaiaren ustez, antzezlana berezia da, aktoreek eurek alkarlanean sortua dalako. Antzerkigintzako lengoaia bikaina darabilela ganeratu dabe epaimahaikoek, oholtza ganean baliabide gitxi erabili arren: Eremu eszenikoa biluzik agiri da eta tramankulu bakar bat erabilita erabateko transmisinoa lortzen dau.
Hiru aktoreen lana be txalotu dau epaimahaiak. Euren inplikazinoak eta sortzeko moduak berak eragina izan dabela eta horrek obreari sinesgarritasuna emoten deutsala be uste dau. Atx konpainiak produktu ezohikoa sortzeko hartutako arriskua be aitagarria begitandu jake XX. edizinoko epaimahaikideei.
Atx konpainiako kideek 12.000 euroko saria eta Amable Ariasek egindako artelana jasoko dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!