Metalaren Amerikako Alkarteak autortzea egin deutso Legazpiko Mirandaolari

Bizkaie! 2020-01-17 08:29   Kulturea

Eskualdeari lana eta garapena ekarri deutsaz burdinoleak 500 urte baino gehiagoz.

Sasoi bateko ofizioak Mirandaolan (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

ASM Metalaren Amerikako Alkarteak bisitaldia egin dau Legazpiko Mirandaola burdinolara, gune historiko horri errekonozimendua emoteko. Metalen eta metalgintzearen aurkikuntzan, garapenean eta hazkundean zeregin nabarmena daben lekuei egiten deutsie autortzea, eta ASMk uste dau Mirandaola bat datorrela bete-betean definizino horregaz. Legazpiko eta Euskadiko motor ekonomikoa dan Burdinearen Haranari 500 urte baino gehiagoz lana eta sostengu ekonomikoa emon deutsaz metalgintzeak, ASMren esanetan.

Mirandaolan bertan egindako ekitaldian, ASMko Sarien eta Izendapenen Batzordeko buru Pierre Dupont eta erakunde horretako nazinoarteko buru Rafael Colas egon dira. Harrerea egin deutsee bertoko agintari gorenek, Iñigo Urkullu Lehendakaria buru. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Bingen Zupiria sailburua eta Koldobike Olabide Legazpiko alkateak osotu dabe ordezkaritzea, Lenbur Fundazinoko arduradunakaz batera.

Iñigo Urkulluk burdineak Euskadiren historian izan dauen garrantzia azpimarratu dau: Gure herria mendeetan zehar moldatu dauen elementuetako bat da. Produziduten eta barritzen erakutsi deusku. Gure ondareari balioa emoteko aukerea emoten dau sariak, Lehendakariaren ustez: ASMren sari honen bidez, kultura oso bat eta konpromiso jarraitu bat autortzen da.

Mirandaola XV. mendean Legazpin egozan zazpi burdinoletatik gorde dan bakarra da. XIX. mendean zarratu eben arren, 1952an zaharbarritu egin eben, Patricio Echeverría eta Teresa Aguirreren ekimenari esker. Gaur egun, Mirandaola parkearen barruan dago, eta bisitariek antxinako metalgintzea eta ofizio horretako tresnak ezagutu leikiez. Legazpiko Udalak adierazo dauenez, menderik mende burdinea garatzen lagundu dauen herriari autortzea egin deutsie.

Metalaren Amerikako Elkartea orain dala mende bat sortu eben, burdineagaz lotutako materialetako profesionalak konektau eta lankidetzan jarteko helburuagaz. Enpresek, erakundeek eta 30.000 bazkide baino gehiagok osotzen dabe. Metalen eta metalgintzearen aurkikuntzan, garapenean eta hazkundean papel garrantzitsua izan daben monumentu historikoak autortzen ditu urtero. Dagoeneko, 50. urteurrena bete dabe sariek, eta Mirandaola 148. monumentua da zerrendan. ASMk autortutako monumentuen artean Eiffel torrea eta Askatasunaren Estatua dagoz.

Agintariak eta ASMko kideak, Mirandaolan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu