Abian da 12. elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketea

Bizkaie! 2020-01-13 07:50   Kulturea

Ipuinak, ilustrazinoak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 17a arte izango da.

Irakurzaletasuna eta euskerearen erabilerea bultzatzea helburu dauen elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketearen 12. edizinoa abian jarri dau elkar Fundazinoak.

Aurten, Paddy Rekalderen Kaioa ipuina, Mai Egurzaren ilustrazinoa eta ipuin klasikoa gaia hartu dira lehiaketearen oinarri.

Parte-hartzaileek ondorengoa egin beharko dabe edadea kontuan hartuta: txikienek, Ume Hezkuntza 4tik Lehen Hezkuntza 4ra, Rekalderen ipuina ilustrau beharko dabe; koxkorragoek, Lehen Hezkuntza 5etik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza 2ra, barriz, Egurzak sortutako ilustrazinoan oinarrituta ipuina idatzi beharko dabe; azkenik, gazteek, DBH3 eta 4ko ikasleek, komiki ala binetearen atalean, ipuin klasiko bat izango dabe ardatz euren lanak sortzeko.

Urtero legez, parte hartuko daben ume eta gazteei zuzendutako sari ederrez gan, ikastetxeei zuzendutako erregalu bereziak izango dira: alde batetik, Laboral Kutxak Basque Culinary Center ezagutzera eroango ditu ikasgela bi; eta Irrien Lagunak-en ikuskizun bategaz sarituko dau ikastetxe parte-hartzaileetako bat.

Ipuinak, ilustrazinoak eta komiki ala binetak aurkezteko epea apirilaren 17a arte izango da.

Informazino edo material gehiago nahi izan ezkero, lehiaketearen atarian, elkar.eus-en, lehiaketa@elkar.eus helbidera idatzita edo 943 310301 telefonora deituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu