Markeliñe Arabiar Emirerri Batuetan ibiliko da egunotan

Bizkaie! 2020-01-13 08:06   Kulturea

Euria antzezlana Sharjah Fringe Festivalen aurkeztuko dau konpainia bizkaitarrak.

'Euria' (argazkia: Markeliñe) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal antzerki konpainiek nazinoarteko jaialdi eta biretan parte hartzen dabela gauza jakina da. Baina Markeliñe taldeak jaso dauen gonbidapena ez da bape ohikoa, Pertsiar Golkotik deitu deutsielako, Arabiar Emirerri Batuetako Sharjah uriko jaialditik hain zuzen. Euria antzezlanaren zazpi emonaldi egingo ditue uri haretako Al Majazi 1 auditorioan, urtarrilaren 22tik 28ra.

Jaialdi exotikoa baina garrantzi handikoa da Sharjah Fringe dalako hori. 2020ko edizinoan, 600 ikuskizun inguru dagoz programauta: Antzerkia, txontxongiloak, magia, kaleko ikuskizunak, jantzea... Hamazazpi eguneko egitarau potoloa atondu dabe antolatzaileek. Hortaz, arte eszenikoen alorrean, Hurreko Ekialdeko jaialdirik handiena da.

Etxepare Euskal Institutuaren babesari esker heldu da Markeliñe horren urrunera. Izan be, publiko eta eragile kultural barriei Markeliñeren lana erakusteko hitzordu aproposa izango da Sharjahekoa. Euria berbarik bako ikuskizuna danez, atzerriko audientziek berehala ulertuko ditue aktoreen keinuak.

Maite eta galtzen dogunean pasetan jakunari eta sentiduten dogunari buruzko obrea da Euria. Zeozer aldatu dala ulertzeko eta onartzeko behar dogun denpora kantsagarriaren ganean egiten dau berba, eta berau gainditzeko gaitasunaz. Antzezlana metafora bisualez, umorez eta poesiaz beterik dago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu