Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantziskora dator VIII. Gau Edegia
2019-12-11 12:34 KultureaDobako ehun jarduera kultural baino gehiago egingo ditue zapatuan.
Jaialdi parte-hartzaile eta askotarikoa antolatu dau Sarean Kultur Alkarteak zapaturako, abenduak 14, Gau Edegia izenekoa. Bilboko goi auzoetako aberastasuna agertu eta artea zein kulturea kalera eroatea dira asmoak. Bilbo Zaharra, Zabala eta San Frantzisko dira goi auzo horreek, nortasun handiko hiru eremu.
Auzotarrek auzotarrentzat egindako egitaraua izango da zapatukoa. Izan be, deialdi edegi baten bidez erabagi dabe programazinoan ze ekintza sartu, eta 150 herritar inguruk bialdu ditue proposamenak. Hori dala eta, kultura parte-hartzailearen arloan erreferentziazko jaialdi bihurtu da Gau Edegia, dagoeneko zortzigarren edizinoa dau. Alkarlana eta aldarrikapena be bada jaialdia: bizilagunei, artistei, alkarteei, dendei eta erakundeei lekuan lekuko identidadeari buruzko gogoetea egiteko deia egiten deutsie.
Danetara, beraz, ehun jarduera inguru egongo dira zapatuan, danak doban, eta hiru auzoetako kaleetan zein 60 espazio ingurutan. Bulegoak, perfumegile baten tailerra, aldizkari baten erredakzinoa, tabernak, dendak... era guztietako lekuak hartuko ditu Gau Edegiak.
Horren guztiaren ardatzean, ingurune horretako gune publiko nagusiak dagoz: San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako plazak, Fleming Doktorearen plazan, Mariaren Bihotzean eta abar, goizetik gauerako egitaraua atondu dabe. Auzoan lan egiten daben artista, kulturgile eta kolektiboen lana ezagutzeko aukera parebakoa izango dala ziurtatu dabe antolatzaileek.
Besteak beste, tailerrak egongo dira Gau Edegian (xaboigintzea, estanpazinoa, uri parte-hartzaileak...). Auzootan alkarregaz bizi diran kulturen arteko topaketak Yoruba and Friends, Ahizpatasuna eta Mari Makeda proiektuen bidez, Luzatu Gau Edegia programako emoitzen aurkezpena, erakusketak, ikuskizunak, kontzertuak eta beste sorpresa ugari be antolatu ditue.
Egitarau osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!