Kubako eta Euskal Herriko artisten arteko trukea, Azkuna Zentroan ikusgai
2019-12-11 09:32 KultureaLester Álvarezek eta José Ramón Aisek Praktika Artistikoen Egoitzea egin dabe Bilbon.
Habanako Carlos Garaicoa estudioaren Artista x Artista programeagaz alkarlanean, eta Etxepare Euskal Institutuaren babesagaz, Bilboko Azkuna Zentroak martxan jarri dau Kubako eta Euskal Herriko artisten arteko trukea, Praktika Artistikoen Egoitzearen bidez. Era horretara, Lester Álvarez kubatarrak eta José Ramón Aise bilbotarrak egonaldia egin dabe Azkuna Zentroan, eta beste bat Kuban.
Truke aberasgarri horren emoitzea egunotan ikusi leiteke Azkuna Zentroko BAT Gunean, artista biek egonaldian sortutako piezak ipini ditue eta. Urtarrilaren 26ra arte egongo da erakusketea zabalik, eta doban sartu leiteke.
José Ramón Aisek Brillan en la noche instalazino artistikoa aurkeztu dau erakusketan, Kubako naturearen irudietatik abiatuta sortutako fikzinozko paisajea. Iraultzearen paisajearen irudi enblematikoek bat egiten dabe herri-kontakizunen giroagaz, artistearen esanetan: Irudiaren, gailu optikoen eta arkitekturearen erabileren azterketa bat edegiten dau lanak, ideologien eraikuntzan eta hedapenean, hain zuzen. Linterna magiko horretan, politika, zientzia, mitologia eta herri-kontakizunak irudimenean alkartzen dira.
Lester Álvarez kubatarrak, ostera, obra bi aurkeztu ditu Bilbon. La noche en Cuba dalakoa, 1959tik gaur egunera arte sortutako akuarela bildumea. Ugartearen azken 60 urteotako historiaren kontakizuna da, literaturea oinarri daben irudien bidez. Viaje del inquisidor Alonso de Salazar, bestetik, instalazino bat da. Alonso de Salazarrek 1611n Nafarroako mendietan egindako bidaia hainbat materialen bidez berregiten dau Álvarezek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!