'Batzarretik Batzarrera' bisita programea asteon amaituko da
2019-12-09 12:03 KultureaAbenduaren 12ko eta 15eko bisitak izango dira azkenak.
Batzarretik Batzarrera programearen lehenengo edizinoak, aurreko urritik, Bizkaiko Batzar Nagusien lehenaldia eta orainaldia ezagutzeko aukerea emon dabe baina aste honetan amaituko da; eguenean, abenduaren 12an eta domekan, abenduaren 15ean, programau dira erakunde honen funtzionamendu historikoa eta egungoa ezagutzera emoteko ekimenaren azken bisitak. Programa bera izango da abenduaren 12an eta 15ean.
Batzarretik Batzarrera programan, ibilbidea egingo da Bilbon dagoan Bizkaiko Batzar Nagusietako egoitzatik (Hurtado de Amezaga, 6). Egoitza horretan arte garaikideko bilduma garrantzitsua be badago. Bertan, lurralde historikoaren gobernazinoagaz lotutako gaiak eztabaidatzen diran Batzordeen Aretoko buru dan Jorge Oteizaren Guernica brontzea azpimarratu daiteke.
Bilboko egoitzea ikusi eta gero, autobusez joango dira Sopuertaraino Abellanedako Batzarretxea bisitetako (Enkarterriko Museoa). Abellanedako Batzarretxean batzen ziran Enkarterriko kontzeju eta haranetako ordezkariak, eskualdeko arazoez eztabaidatzeko. Erdi Aroan batzarrok gorabeheratsuajk izaten ziran, jente asko batzen zalako. Aro Modernoan, barriz, beste sistema bat hartu zan eta batzarretara Enkarterriko kontzeju bakotxeko eskudun ordezkari bat baino ez zan joaten.
Enkarterriren burujaubetasunak mendeetan zehar sortu zituan tira-birak erakunde bien artean (Gernikako Batzar Nagusien eta Abellanedako Batzar Nagusien artean). Azkenik, 1801. urtean Enkarterriko kontzeju guztiak Bizkaiko Jaurerrian sartuta geratu ziran ondorio guztietarako eta Abellanedako Batzar Nagusiak ez ziran gehiagotan egin.
Dobako bisitak euskeraz eta gaztelaniaz dira, Bilboko egoitzan hasi eta amaituko dira eta daborduko emon daiteke izena enkarterrimuseoa@bizkaia.eus helbidera idatzita edo 94 650 44 88 eta 94 610 48 15 telefono zenbakietara deituta. Hemen sakatuta be emon daiteke izena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!