Euskal Dendea be jentez ganezka egon da egunotan

Bizkaie! 2019-12-09 08:18   Kulturea

Antolatzaileen arabera, 28.232 bisitari izan ditue.

Erakuslekurik politenaren saria emon deutsie Artilezko Hodeiak nafarrei (argazkia: Arbaso) | Ikusi handiago | Argazki originala

Durangoko Azokeagaz batera etorten dan hitzordua da Euskal Dendea, euskal artisautzearen azokea. Ezinbesteko hitzordu bihurtu da bisitari askorentzat, aurtengo datuek erakusten dabenez: Eguenetik domekara, 28.232 lagun ibili dira erakusmahaiak ikusten eta bertoko eskulangileen produktuak erosten, Arbaso alkarte antolatzaileak jakitera emon dauenez.

Igaz baino bisitari gitxiago dira, baina kontuan izan behar da 2018an bost eguneko azokea izan zala, eta aurten, lau egun besterik ez. Edukierea mugatuta dagoanez, momentu batzuetan ilara luzeak sortu dira kanpoaldean. Ganera, saldutako guztiagaz pozik dagoz Arbasokoak: Sartu diran guztiek zer edo zer erosi dabe.

Egunik jentetsuena zapatua izan zan, 9.500 bisitari batu ziran. Barikuak be jentetzea erakarri eban, 8.366 persona, eta domekan, 6.667 izan ziran. Eguenean ibili zan jenterik gitxien, 3.699, laneguna zalako.

Arbasoko kideen esanetan, lau egunotan momentu hunkigarriak bizi izan ditue, bisitarien babesari esker: Adorea emongo deuskue hurrengo urtean lanari aurre egiteko. Horregaitik guztiagaitik, eskerrak emon deutsiez bisitariei, plazer handia izan da zuokaz berba egitea eta denporea konpartidutea.

24. Euskal Dendan, 52 artisauk ipini dabe erakusmahaia Merkadu Plazako gunean. Horreetatik 13, lehenengoz egon dira Durangoko hitzorduan. Jatorriari jagokonez, bizkaitarrak izan dira gehienak, 24, eta hamar gipuzkoar be egon dira. Nafarroako bederatzi, Arabako zortzi eta Lapurdiko beste bat be badagoz parte-hartzaileen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu