Urtea amaitzeko, 24 proposamen artistiko BilbaoArten

Bizkaie! 2019-12-05 13:28   Kulturea

Abenduaren 9tik 17ra bitartean egongo da zabalik erakusketea.

Agintariak eta beste konbidaduak, erakusketearen nondik norakoak entzuten (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

2019an BilbaoArten bekadun ibili diran artisten artelanak ikusgai egongo dira hurrengo egunotan, urtea biribiltzeko atondutako erakusketan. Danetara, 23 bakarkako artistak eta kolektibo batek hartuko dabe parte ekimenean, eta, beraz, danetariko estiloak eta ikuspegiak lantzen dituen 24 proposamen egongo dira.

Gaur, barikua, erakunde publikoetako ordezkariek eta Bizkaiko galeristek ikusi dabe erakusketea, eta, arratsaldean, inaugurazinoa egingo dabe, 19:00etan. Publikoarentzat, baina, astelehenetik egongo da zabalik, abenduaren 17ra arte.

BilbaoArten bekadun ibili diran eta erakusketan obrak ipini dituen 23 artistak honeek dira: Javier Arbizu, Esther Camacho Cerezo, Alejandría Cinque, Moriah De Zen, Lucía Díaz, Sergio D Loeda, Helena Goñi, Heather Kapplow, Liane Lang, Miguel Leiro, Daniel Llaría, Cachorro Lozano, Gerónimo Manzueta, Miguel Marina Cobo, Adrián Mena Paredes, Antonio Menchen, Saioa Olmo Alonso, Damaris Pan, Milena Rossignoli, Aristide Stornelli, Marina Suárez Ortiz De Zárate, Irati Urrestarazu eta Marta Van Tartwijk.

Kolektiboa, ostera, Los Picoletos izenekoa da, Dante Litvakek eta Fabro Tranchidak sortua.

Erakusketeagaz batera, hilaren 9tik 13ra artista bakotxak bere proiektua sakon azalduko dau. Epaimahai batek zazpi sortzaile aukeratuko ditu, 2020an BilbaoArten banakako erakusketa bana ipini deien.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok artistak zoriondu ditu, eta BilbaoArteren ekarpena txalotu dau. Bilbo kulturan eta artean uri aitzindaria izan behar dala dino, eta zera ganeratu dau: BilbaoArtek oso papel garrantzitsua jokatzen dau arte-produkzinorako erreferentziazko zentro lez, eta ez bakarrik Euskadin.

Juan Zapater BilbaoArteko zuzendariak adierazo dau 2019a berezia izan dala, egonkortzearen eta proiekzinoaren urtea izan dalako. Hogei urte baino gehiago martxan egon eta gero, ondo finkatutako egitasmoa da BilbaoArte, eta hurrengo urteetan hazten segitzeko oinarriak ezartea da orain zeregina.

Doban sartu leiteke publikoa erakusketan, Bilboko Urazurrutia kaleko egoitzan. Astelehenetik barikura, arratsaldeko 17:30etik 20:30era egongo da zabalik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu