José Arrueren obrak erakutsiko ditue Gernikan, Bermeon eta Bilbon
2019-11-18 12:21 KultureaBizkaiko ondare materiala zein inmateriala erakutsi zituan artista bilbotarrak, Lorea Bilbao Kultura diputaduaren arabera.
Hurrengo hileetan José Arrue pintorea (Bilbo, 1885-Laudio, 1977) izango da protagonista Bizkaiko Foru Aldundiaren menpeko bost gunetan, José Arrue barrutik programa barritzaileari esker. Lorea Bilbao Kultura diputaduaren arabera, pintorearen ekarpena erakutsi nahi dogu, Euskal Kostunbrismoa ondoen ordezkatzen dauen artistetako bat dalako.
Gernikako Euskal Herria Museoan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Bilboko FIG jaialdian, Ondare Aretoan eta Euskal Museoan ikusi ahal izango dira proiektuaren harira antolatutako erakusketak. Baina ez da izango erakusketa bakar bat, leku bakotxean gaia aldatuko dalako. Era horretara, Arruek landu zituan bost gai nagusi erakutsi ahal izango ditue.
Lorea Bilbaok esan dauenez, ondo agertu zituan gure jantzea, folklorea, gastronomia, itsasoa, mendia, nekazaritzea eta, batez be, biztanleak. Emakumeek eta gizonek bizia hartzen dabe pintore bikain honen lanetan. Bizkaiko ondarea, materiala zein inmateriala, ezagutzeko bide aproposa da Arrueren obrea, foru diputaduak azpimarratu dauenez.
Erakusketetako materiala, gehienbat, Arrueren familiaren funtsetatik atera dabe. Foru Aldundiaren arabera, senideek arreta eta ardura handiz jagon dabe oinordetzan jasotako obrea.
Lehenengo erakusketea, Bilboko FIG jaialdiaren barruan eginikoa, atzo amaitu zan. Beste lau erakusketak honakoak dira:
- Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), zemendiaren 15etik bagilaren 28ra: Arrue hurbilena eta ezezagunena, euskal imajinarioa erakusten dau pertsonaia arketipikoen, paisajeen eta ohituren bidez. Olio-pinturak, ohiko bizimoduko tresna batzuk, akuarelak, komiki-zutabeak eta marrazkiak dagoz.
- Ondare Aretoa (Bilbo), zemendiaren 15etik 23ra: Baserritarrak koadroa, Bilboko Arte Eder Museoak lagatakoa, dago ikusgai.
- Arrantzaleen Museoa (Bermeo), abenduaren 5etik apirilaren 19ra: Arruek itsasoagaz euki eban hartu-emona da ardatza. Marrazki, akuarela eta olio-pinturen bidez, itsasoko ikuspegiak agertu zituan. Paisaje bakartiak dira, espiritualtasunez beteak, baina alaiak eta bizitasunez eta errealismoz betetakoak be bai.
- Euskal Museoa (Bilbo), 2020ko urtarrilean eta zemendian: Herri kulturearen adierazletzat agertzen da Arrue hemen. Ohiko bizimoduko objektu ugari egongo dira, esaterako, abanikoak, erreteko papela dakarren kutxatxuak, ontziteria, pitxerrak, kutxak, partiturak eta pintoreak ilustrautako bestelako tresnak.
Erakusketen osogarri, beste jarduera batzuk be antolatuko ditue Gernikan, Bermeon eta Bilbon. Berbaldiak, mahai inguruak eta bisita gidatuak dira, adituen eskutik. Ganera, Miren Agur Meabe idazleak Leihoak kontakizuna aurkeztuko dau zezeilaren 27an, Arrantzaleen Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!