Euskal artistei aukera barriak emoteko sortu dabe Zabal
2019-11-15 08:07 KultureaRuth Estévez, Sao Pauloko Bienalaren komisarioa, Bilbon izango da hilaren 20an.
Nazinoarteko komisario, arte kritikari eta museoetako zuzendariei euskal artea eta beronen testuingurua erakusteko asmoz, egitasmo barria ipini dau martxan Etxepare Euskal Institutuak, Zabal izenekoa. Era horretara, euskal artistei aukera barriak emon nahi deutsiez, nazinoartean loturak sortu eta sendotuz.
Zabal egitasmoaren bidez etorriko diran komisario, kritikari eta museoetako arduradunek aditu-batzorde baten laguntzinoa izango dabe euskal artearen testuingurua ezagutzeko; bisitaldi eta topaketetan hartuko dabe parte. Lourdes Fernandezek sortutako Artingenium alkartearen lankidetzeagaz egingo dira bisitaldiak.
Lehenengo fasean, 2020ko bagilera bitartean, mundu guztiko zazpi arte-komisario etorriko dira Euskal Herrira. Lehenengoa Ruth Estévez izango da, Sao Pauloko Biurtekoaren komisario bilbotarra. Nazinoarteko arte topaketa esanguratsuenetako bat da Sao Paulokoa. Bilbon, Gasteizen eta Donostian egongo da Estévez, hil honen 18tik 21era.
Berton dagoan bitartean, euskal artea hurretik ezagutzeaz gan, berbaldi bat emoteko astia be izango dau Estévezek. Eguaztenean, hilak 20, Bilboko Arte Eder Museoan azalduko ditu Sao Pauloko Bienalaren nondik norakoak, publiko guztiarentzako aurkezpen edegian. 19:00etan hasiko da saioa.
Arte komisarioa izateaz gan, idazlea be bada Ruth Estévez (Bilbo, 1977). Antzerkiaren eta ikusizko arteen arteko lotura historikoa aztertu izan dau. Sao Pauloko Bienalean ez eze, Bostongo Rose Art Museumen eta Bartzelonako MACBAn be komisaioa da. Aspalditik bizi da Euskal Herritik kanpo, gaur egun Mexiko Uriaren eta Bostonen artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!