'Iturria' nobelea argitaratu dau Unai Elorriagak
2019-10-24 10:03 KultureaNarrazino laburrak dira istorio nagusiaren oinarria.
Unai Elorriaga idazle algortarraren seigarren nobelea da Iturria (Susa), baina ez da nobelea huts-hutsean. Izan be, hamar narrazino labur dira, hari batek lotuak. Donostiako Tobacco Days liburu-dendan egindako agerraldian, Elorriagak adierazo dau berak nahiago dauela narrazino bildumatzat hartu, baina nobela baten itxurapean mozorrotu dau, eta, azkenean, mozorroa bera bihurtu da liburuaren ezaugarri nagusia.
Pedro Iturria da liburuko protagonistea, eta izenburua be haren abizenetik hartuta dago. Iturria Europako herrialde batetik bestera dabil, eta ipuinak idazten ditu bisitetan dauen leku bakotxean. Txekian txekieraz, Hungarian hungarieraz... idazten dau. Iturriaren txikitako lagun Soro Barturen haren bila hasiko da, ipuinen arrastoari segika, Roman bidelagun dauela.
Holan, Sorok eta Romanek Pedro Iturriaren narrazinoak topau eta irakurri ahala, irakurleek be horreek istorioak deskubriduko ditue. Horra hor liburuaren hazurdurea diran ipuinak. Soro Barturenek Iturriaren bila egiten dauen bidea da, ostera, nobela izakerea emoten deutsan haria.
Leire Lopez Ziluaga Susako editorearen ustez, heriotza da nobelearen gai nagusietako bat, batez be, pertsonaiek ia 80 urte dituela kontuan hartuta. Adiskidetasunaz, zahartzaroaz, baita literaturaz be, idazten dau Elorriagak. Baina algortarrak ez dau istorio ilun bat idatzi gura izan, nobela bitalistea dala uste dau, bizitzeari gogoz heltzeko asmoa agiri da pertsonaiakan. Umorezko pasarte batzuk be tartekatu ditu idazleak. Narrazinoak banan-bana hartuta, ganera, beste gai batzuk jorratzen dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!