Guggenheim Bilbaok doban zabalduko ditu ateak bere 22. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2019-10-24 08:25   Kulturea

Domekan Guggenheim Marrazten jarduerea be egingo da New Yorken, Venezian eta Bilbon

Datorren astegoienean, urriarenk 26an eta 27an, Guggenheim Bilbao Museoak bere hogeitabigarren urteurrena ospatuko dau ateak doban zabalduta. Domekan, gainera, parte-hartzaileek Guggenheim Museoaren arkitekturan gustukoen daben zatia irudikatzeko antolatzen dan nazinoarteko marrazketa topaketearen hirugarren edizinoa egingo da. Topaketa hori Guggenheim Museoak egoitzak dituan hiru urietan egiten da era batera, Venezian, New Yorken eta Bilbon eta edade guztietako jenteak parte hartu leike bertan, marrazten jakin zein ez. Lapizeak eta papela informazino-mahaian izango ditue eskuragarri partaideek.

Astegoien honetan Museora hurreratzen diranek erakusketa ezin erakargarriagoez gozau ahal izango dabe pagau barik. Urri hasieran Thomas Struth argazki-erakusketea aurkeztu eben; artista alemaniarraren bost hamarkadatako lana batzen dauen erakusketa hori bigarren pisuan dago ikusgai. Bertaratuek 60 artelanetik gora batzen dituan oraintsu inaugurautako Soto. Laugarren dimensinoa atzera begirakoa be bisitau ahal izango dabe 105. aretoan, baita barikuan, hilaren 25ean, edegiko dan Kunsthalle Bremenen bildumako maisulanak: Delacroixetik Beckmannera be, Iberdrolaren laguntzaz antolatua.

Aldi baterako hiru erakusketak zabaldu ondoren bakarra geratuko da jentaurrean aurkezteko: Jesse Jones-en Dar-dar, urriaren 31n edegiko dana. Eta, zelan ez, aukera bikaina izango da Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako Maisulanak aurkezpena barriro bisitetako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu