Julian Elorzak ‘Matemáticas Básicas’ aurkeztuko dau

Bizkaie! 2019-10-23 13:36   Kulturea

Elorzaren lanak matematiketara estilo pedagogiko batez hurreratzea dau helburu.

Mondragon Goi Eskola Politeknikoko irakasle Julian Elorzak egindako 20 urteko lan nekaezinaren emoitzea da. Orain 20 urte erretiroa hartu ondoren, egunero liburutegira joaten eta matematiketan sakontzen hasi zan Elorza, bere pasino nagusia baita alor hori. Matemáticas Básica’ liburuaren lehen edizinoa uda aurretxuan salgai jarri eta agortu egin zan; orain, bigarren edizinoa plazaratu da. Urriaren 23an, eguaztenean, 18:30ean aurkeztuko dau Julian Elorzak bere lana. Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren instalazinoetan izango da aurkezpena, 7006 ikasgelan.

Julian Elorza Mondragon Goi Eskola Politeknikoko bazkidea da 1960tik. 1999an hartu eban erretiroa, 64 urte zituala. Bere bizitza profesionalean zehar, gaur egun injineruak diran ikasle ohi askok euren enpresen egunerokoan konpontzerik ez eben hainbat arazo eta konsultari konponbidea emon eutsen. Injineru horreek unibersidadera joten eben, Juliani laguntzinoa eta aholkularitzea eskatzen. Beraz, gaur egun injineruak diran ikasle ohiei emondako aholkularitzatik eta 40 urteko irakaskuntzatik jasotako esperientziari esker landu ditu Elorzak aritmetikako, geometriako eta kalkuluko 2.000 ariketa horreek.


Matematika tradizionala vs digitala

Julian Elorza irakaslearen liburua aurkezteko ekitaldian berbaldi bat eskainiko dau Luis Vegak, Elorzak jorratutako matematika tradizionalari kontrajarritako aro digitaleko matematikei buruz. Luis Vega BCAMeko (Basque Center for Applied Mathematics) zuzendaria izan zan. Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoaren bidez sortutako matematika aplikatuari buruzko ikerketa-zentroa da BCAM, eta haren helburua da Zientziaren eta Teknologiaren Euskal Sarea sendotzea, talentudun zientzialarien diziplinarteko ikerketearen bidez. Gaur egun, BCAMi lotuta jarraitzen dau Vegak, ikertzaile eta Zientzia Batzordeko kide legez. 2012an, Euskadiko Ikerkuntza Saria emon eutson Iñigo Urkullu lehendakariak, Vegaren ahalegin dibulgatzaile eta pedagogikoa azpimarratu ondoren. Luis Vega (Madril, 1960) Analisi Matematikoan katedraduna da EHUn, eta ezaguna da nazinoartean deribatu partzialetako ekuazinoei buruz eta Fourier-en analisiari buruz egindako lanakaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu