Tokikom kazetaritza sariotan hilaren 13an amaituko da lanak aurkezteko epea

Bizkaie! 2019-09-06 08:30   Kulturea

Informazino gehiago behar izan ezkero, idatzi hemen: sariak@tokikom.eus

Irailaren 13an amaituko da Tokikom Sarien laugarren ediziorako lanak aurkezteko epea. Sariketan euskerazko edozein toki komunikabidetan argitaratutako kazetaritza lanek hartu leikie parte.

Sariketearen helburua toki komunikabideen edukia gizarteratu eta goraipatzea da, izan be, toki komunikabideen izakereagatik beragaitik, egiten dituen lan bikainak sarritan oso eremu txikian zabaltzen dira, eta ez dira oso ezagunak bakotxaren eremutik kanpoko publiko orokorrarentzat.

Guztira hiru sari emongo ditu Tokikomek, zemendirako antolatzen dagozan ekitaldian: Alde batetik, azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena.

Sari banaketa ekitaldia zemendiaren erdialdean izango da, eta Hego Uribeko Geuria komunikabideagaz batera antolatzen dabil Tokikom. Izan be Geuriak irabazi eban 2018ko edizinoko edukirik onenaren saria, 'Berba eta irudia' monografiko ederragaitik. Ekitaldian, sariak emoteaz gan, euskerazko tokiko kazetaritzeak albiste faltsuen fenomenoaren inguruan dituan erronka eta aukeren inguruko gogoetea egingo dabe toki komunikabideek, alorreko adituen eskutik.


Lanak aurkezteko modua

Lanak aurkezteko epea zabalik dago 2019ko irailaren 13ra arte. Proposamenak edonork egin leikez, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketearen oinarriak Tokikom webgunean dagoz irakurgai, eta aurkezpena bera be webgunetik bertatik egin behar da.

Informazino gehiago behar izan ezkero, idatzi e-posta hau erabiliz: sariak@tokikom.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu