V. Jentilak Diman

Bizkaie! 2019-05-17 08:05   Kulturea

OHARRA: Maiatzaren 25erako eguraldi-iragarpen euritsua dala eta, arratsaldeko Mendi ibilbide mitologikoa bertan behera itxi da.


OHARRA: Maiatzaren 25erako eguraldi-iragarpen euritsua dala eta, arratsaldeko Mendi ibilbide mitologikoa bertan behera itxi da. Egun batzuk barru jakinaraziko da noiz egingo dan.

V. Jentilak Diman maiatzaren 25ean ospatuko da. Txumuluxueta Kultur Alkarteak eta Dimako Udalak mitologia ezagutarazoteko aurten be atondu ditue mitologia jardunaldiak. Aurten, Baltzolako kobazuloetan antolatu dabe mendi ibilbide mitologikoa; urte birik behin egiten dabe mendi urteera Baltzolara eta han mitologiaren gune berean, Sugoiren egoitzan eta Jentilzubiren inguruan antolatzen ditue ekitaldiak. Bertaratzen diranek laminak, jentilak, Sugoi, Akerbeltz, Basandere, Behigorri, Olentzero eta beste izaki mitologiko batzuk bertatik bertara ikusteko aukeera izango dabe.

Ibilbidean zehar inguruko ondare mitologikoaz gan, eremu horren ondasun paisajistiko, zein espeleologikoak ezagutzeko aukerea izango da: ipuin, antzerki, zuzeneko musikea bibolin eta albokearen soinua entzunez, jantza eta herriko koruak abestutako kantuez gozetako aukerea be izango dabe.

Gitxi gorabehera hiru ordu inguru iraungo dauen ibilbidea Indusiko Zamakolako zubian hasiko da eta Gibeltar baserriaren albotik igaroz, 4 gune desbardin izaten ditu: kobazuloko gune ilunak argiztatu egiten ditue ekitaldi honetarako eta bertan izaki mitologiko desbardinek gidatzen ditue bisitariak Sugoiren erasoetatik babestuz.

Ekitaldia, arratsaldeko 18:30etan hasiko da eta amaieran, 21:30ak aldera, Akelarrea egingo dabe. Jana eta edana, musikea eta jantzak buztartuko dira suaren inguruan gauak eta gorputzak emoten daueneraino, lamina, sorgin eta beste izaki mitologikoakaz batera.


Hilaren 22an, 23an eta 25ean:

Astean zehar beste jarduera batzuk be atondu ditue: maiatzaren 22an, mitologiari buruzko ipuin eta marrazki lehiaketearen sari-banaketea egingo da. Lehiaketa hau lehen eta bigarren hezkuntzako Arratiako eskoletara zabaldu dabe aurten. Sari-banaketearen ostean, Maite Franko ipuin kontalariak Euskal irri eta orroak saioa eskainiko dau.

Maiatzaren 23an, Koro Irazokiren Zugarramurdi: sorginetik sorginkeriarat izenburuko berbaldia izango da.

Eta maitzaren 25ean, eguerdian, Vanesa Sanchezek irrintziaz berbaldia eta taillerra eskainiko ditu.

Astean zehar herria girotzeko eraikinetatik herriko marrazkilariek egindako izaki mitologiko batzuen irudiak zintzilikatuko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu