Emakumeek historian, kulturan edo gizartean bete daben lekua ardatz Bilbon
2019-05-03 11:50 KultureaMaiatzeko astelehenetan, 6, 13, 20 eta 27an izango dira berbaldiak.
Bilboko Udalaren esku dagoan Bidebarrieta Kulturguneak Kulturea eta Pentsamendua programearen barruan atondutako lau topaketen artetik lehenengoa jasoko dau datorren astelehenean, maiatzaren 6an. Aurten hamargarren edizinoa beteko dauen filosofiari eskainitako zikloak, gaurkotasuna eta garrantzia dituan gaia landuko dau, emakumeek historian, kulturan edo gizartean bete izan daben lekua, hain zuzen be.
Emakumeen arrazoia izenburuko berbaldiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira, maiatzeko lau astelehenetan, 6, 13, 20 eta 27an, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Sarrera librea izango da leku guztiak bete arte, eta streaming-ez be jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunetik.
Gaur egun indarra dauen eztabaida bat badago, hori emakumeek beteten daben lekuari buruzko eztabaidea da. Emakumeen lekua edo lekuak historian, kulturan eta gizartean. Ez dira emakumeek modu efektiboan beteten dituen edo bete beharko leukiezan lekuak, historia luzea eta kondaira asko eta asko be badira. Batzuk eta besteak nagusitasuna eben ikuspegitik eregi dira, gaur egun oraindino be gure hezkuntzara, gure errutinetara, gure legeetara eta gure erakundeetara itsatsita jarraitzen dauen arrazoi maskulinoaren edo patriarkalaren ikuspegitik. Historia hori berrikustea eta kondaira jakin batzuk behera botateko konpromisoa eta oraindino bete bako egitekoa da. Jardunaldi horreek, konfigurazino alternatiborako eta eskubidea sortzeko arrazoiak emoten lagundu gura dabe.
Patxi Lanceros saiakeragile eta Filosofian doktoreak aurkeztuko dauen egitaraua datorren astelehenean, maiatzaren 6an, hasiko da, historiagile eta superstizinoan, magian, sorginkerian eta deabruaren posesinoetan aditua dan María Tausietek eskainiko dauen Feminismo y panteísmo. De Mary Wollstonecraft a Mary Poppins berbaldiagaz. Zaragozan jaioa (1960), Historian doktorea da Zaragozako Unibersidadean. Kontratautako doktore legez egin eban lan CSICeko Giza eta Gizarte Zientzien Zentroko Zientziaren Historia sailean (2008-2011). Hamabi lan inguru argitaratu ditu, eta erlijino sinismenetan eta jardunbideetan dago espezializauta.
Haren ondoren, Belen Altuna EHU/UPVko Filosofia irakaslea etorriko da, maiatzaren 13an, Mujeres y emancipación: libertad positiva berbaldiagaz. Filosofia irakaslea Euskal Herriko Unibersidadean, harenlanak etikearen, estetikearen eta filosofia politikoaren artean dagoz. Bere lanen artean ondokoak azpimarratu behar dira: Una historia moral del rostro, (Pre-Textos, Valentzia, 2010) eta Euskaldun fededun, (Alberdania, 2010).
Maiatzaren 20an, María Teresa López de la Viejaren txandea izango da. Filosofia Moral eta Politiko katedraduna eta Filosofia irakaslea Salamancako Unibersidadean. Argitaratu dituan lanen artean ondokoak nabarmendu daitekez: Principios morales y casos prácticos (2000), Ética y literatura (2003), La mitad del mundo. Ética y critica feminista (2004), Bioética y ciudadanía (2008) eta Bioética y literatura (2013). Ziklo honen barruan eskainiko dauen berbaldiaren izenburua Derechos humanos, derechos de la mujer izango da.
Amaitzeko, Elena Hernández Sandoica historiagilea izango da zikloa zarratzeko arduraduna, maiatzaren 27an, Rosario de Acuña (1850-1923): la escritura y la vida berbaldiagaz. Historia Garaikide Katedraduna Madrilgo Unibersidade Konplutentsean, historia kolonialean, Espainiaren eta Kubaren arteko XIX. mendeko hartu-emonetan, Espainiako historiografia garaikidean eta hezkuntzearen eta unibersidadeen historian da espezialistea. Berbaldia Rosario de Acuñaren figuran oinarrituko da, mende biren artean bizi izan zan emakumea, ausarta, libre-pentsalaria eta espiritu kritikoduna, bere garaikide batzuek oso miretsia eta irakurria eta beste batzuek baztertutakoa. Haren sasoirako pentsamendu aurreratua eban, eta emakumearen bardintasuna aldarrikatzen eban, gizonaren nagusitasun aldarrikatuaren aurrean. Hezkuntzeak eta laikotasunak Estaduko erakundeetan eben balioaren defendatzaile leiala.
2010eko maiatzean martxan jarri zan Kultura eta Pentsamendua programearen helburua, gaurkotasuneko gaiei buruzko gogoeta eta eztabaida gune bilakatzea da, egungo panoramako pentsalari handien ikuspuntu kritikotik. Krisia, utopia edo erlijinoak izan dira aurreko edizinoetan landutako gaiak, eta jardunaldi horreetan parte hartu dabenen artean, besteak beste, Alicia Puleo, Félix Duque, Concha Roldán, Rafael Argullol, Perfecto Andrés Ibáñez, Fernando Vallespín, Manuel Barrios, Jon Kortazar, Helena Cortés Gabaudán edo José Luis Villacañas filosofoak eta pentsalariak dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!