Aiko Taldeak Korrika Kulturalerako atondutako 'Garaikideak' ikuskizuna dakar

Bizkaie! 2019-03-21 13:24   Kulturea

Lau musikarik eta sei jantzarik jantzea entzungarri eta musikea ikusgarri bilakatzen dabe.



Aiko Taldea
k, musikari eta jantza maisu kolektiboak bere ikuskizun barria aurkeztuko dau datorren domekan, martiaren 24an, Nafarroako Agoitzeko Kultur Etxean.

Garaikideak, jantza entzun daigun ikuskizuna da, ikusmenaren eta entzumenaren zentzumenen buztarketa berezia dakarren emonaldia. Jantzea entzungarri eta musikea ikusgarri bilakatzea da Aikok mueta guztietako ikus-entzuleei zuzendutako jantza kontzertu horretarako planteau dauen erronkea. Korrika Kulturalaren barruan, euskerearen aldeko herri lasterketeagaz batera eskaintzen dan kultur programazinoan, berariaz atondutako emonaldia da.

Durangon egindako aurre-estreinaldiaren eta Berriozarren eskainitako lehen emonaldiaren ondoren, Garaikideak domekan helduko da Nafarroako Agoitzera, 19:00etan (3€). Lau musikari (Álvaro García gitarristea, Txus Aranburu akordeoilaria, Amaiur Cajaraville kontrabaxua, eta Sabin Bikandi txistularia) eta sei jantza maisu (Maitane Ruiz, Onintze Azpeitia, Katalin Zarate, Anartz Ormaza, Josu Garate eta Patxi Laborda), Ikerne Giménez eszenografo eta figurinisteagaz, Iñigo Bardisa argitzaileagaz eta Alberto Marcías soinu teknikariagaz batera, dira musika, jantzea eta kantua barruan batzen dituan eta, Aiko Taldean ohikoa danez, ikus-entzuleen partaidetzea ondo etorria izango dan ikuskizunaren arduradunak.

Garaikideak, jantzea entzun daigun lanak, taldearen beraren berbetan, idea honi erantzuten deutso: geure musikea eta jantzak, geure lana eta gu geu, garaikideak gara, bizi garen garaiko kideak. Garaikideak egin dogu holan ulertzen ditugulako gaur egun jantzak eta musikea. Aiko Taldearen sorkuntzea eragin eben arrazoiei jarraituz, proposamen barriak ur freskoa eta barria edaten dau iturri zaharretatik: barriztautako tradizinoa, bizia, egungoa. Eta soinua eta koreografia modu barritzailean lotu gura ditu: Jantzak entzunarazo nahi doguz, eta musikea ikusarazo, jantzan egiteko kontzertua da... edo jantza entzunaldia.

Aiko Taldearen emonaldien lurralde naturala erromeriak, jantza ikastaroak eta zabalkunde eta ikerketa jarduerak diran arren, oraingo honetan, interpreteak agertokira igoko diran formatua aukeratu da. Taldeak euskerearen jai nagusiari egiten deutson ekarpena da, eta Euskal Herriko hainbat lekutan izango da, Korrikagaz batera doan kultur programazinoan.

Fandangoa, mazurka, jauzia, polka edo tangoa faltako ez diran errepertorioagaz, Garaikideak ekimenak jantzarako musikea interpretetan dabizen lau musikari aurkeztuko deuskuz, abesten, eta sei jantza maisu oinakaz abesten, euren gorputzak musikearen bozgorailu bilakatuz. Emonaldi bakotxa bakarra eta desbardina izango da, sorkuntzea eta inprobisazinoa gure tradizinoaren parte diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa