IV. Bilbao You Week martxan

Bizkaie! 2019-03-15 09:14   Kulturea

Yotuber ugari konbidau ditue gazteentzako aisialdi eta kultura alternatiboko programara.

Bilboko Udalak azaldu dauenez, Youtubeko eduki digitalen sortzaile eta konsumitzaile gazteak batzen dira eta sormen-prozesuaren garrantziari buruzko tailerrak ez eze, ikus-entzunezkoen trikimailuak eta Youtubera kantuak jasoteko moduaz ibiliko dira 2019ko Bilbao You Week topaketetan. Barrikuntza legez, laugarren aldi honetan eduki digitalen sortzaileen Euskadiko lehenengo topaketea egingo dabe. Tailerrak doban dira. #BYW2019 honetan parte hartzen daben youtuberren % 70 emakumeak dira.

Bilborocken egiten dabiz jarduerak, martiaren 14tik 16ra. Eguenean izandako ekitaldien artean, bideoak eskuko telefonoagaz sortzeko tailerra egin eben, eta Sofia (ZAYIK) eta Victor Metalvisionek metal musikako euren kanalagaz izandako gorabeherak azaldu zituen.

Gaur, martiak 15, barriz, 18:30ean, Coach Vocal tailerra izango da Christian Villanuevagaz. Christian kantaria eta produktorea da, soinuaren, musikearen eta Youtuberen zale amorratua. 2013an Boy Band osotzeko hautatutako bost personen artean egon zan, El Hormiguero eta Carlos Jeanek antolatutako lehiaketa batean. Haren kanalean dagoz bere kantuak, bersinoak eta musikea, eta edukien beste sortzaile batzukaz batera egindako alkarlan bidezko lanak. Tailer honetan azalduko dabe zelako esperientzia izan daben kantuak sortu eta kantetako orduan.

20:00etan, Anabel Lorentek eta Christian Floresek Detrás del #truestory izeneko tailerra egingo dabe. Anabel Lorente artisteak irakiten jarri ditu sare sozialak True Story formatuagaz. Tailer honetan, parte-hartzaileei azalduko deutse bere sortze-prozesua eta erabilten dituan tresna digitalak.

Anabel pedagogoa da, komunidade-zerbitzuak eta proiektuak kudeatzen ditu ikasleak komunidade-jardueretan erraz ibili daitezan; bitartekaria da ikastetxearen eta erakundeen artean. Era berean, egoera txarrean bizi diran umeentzako gizarte eta hezkuntza behaketan ibilten da. Marrazki bizidunak egiten ditu bidebakokerien inguruan, eta pil-pilean jarri zituan sare sozialak.

Zapatuko ikuskizunen artean, bakarrizketa feministea eskainiko deusku. Christian Floresek, ostera, edukiak sortzen ditu bere Youtube kanalean, PlayGround kanalean eta Wikileaks-en Youtubeko Cultura para millenials atalean. Oraintsu, ganera, bigarren saria irabazi dau film laburren Concurso Iberoamericano lehiaketan.

Martiaren 16an, zapatuan, Bilbao You Weeken laugarren edizino hau amaitzeko, Dj Queer (R) Evolutionen saioa antolatu dabe. 21:30ean, Roenlared youtuberrak lehenengo aldiz bisitauko dau Bilbo. Desbardintasun sozialen kontrako esperientziak kontauko ditu. Bilbao You Weeken barruan emongo dabe, bestetik, #ZirimiriChallenge sailaren lehenengo kapitulua. Youtuberrak protagonista dituan sail digitala da.

Bilbao You Weekeko konbidaduek ez eze, ekitaldietako aurkezleek be eskarmentu handia dabe mundu digitalean. Julen Hernandez (Youtuben, Hola Julen) eta Rose of Dolls gazteak ibiliko dira zeregin horretan. Azken hori, Seriesland jaialdiko burua da, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu