Agur Inese Rotaetxe

Bizkaie! 2019-03-13 09:50   Kulturea

Labayruk Inesi eskertu gura deutso emondako laguntasuna eta haren moduan hainbeste behar egindako andra guztiei.

Karmele Goñi eta Inese Rotaetxe (2015) | Ikusi handiago | Argazki originala

Oraintsu hil da Inese Rotaetxe Chalbaud Donibane Lohizunen. Ines familia euskaltzale handi bateko kidea dogu, bera izan dan moduan. Donibane eta Kanbo inguruan euskal giroa ereiten nabarmendu izan dira. Haren ahizteak, Tere Rotaetxek, ikastolen sorrerako mobimentuaren historian presentzia handia dauka, eta euskerea eta euskal kultureari laguntzeko beste egitasmo askotan be.

Labayru Fundazinoan Laguntzaile izan ditugu biak, Tere sortzaileetako bat zan, eta Inese gerotxuago Laguntzaile egindakoa.

Iparraldean bizi izan badira be, Hegoaldeagaz eta Bilbogaz hartu-emon handiak euki ditue, Derioko Udako Ikastaroetan Iban eta Myriam Larroulet ezagun-ezagunak ziran, Ineseren seme-alabak. Labayruko Laguntzaileen urteko Batzar Nagusira be askotan etorri izan da Inese.

Barri honetarako aukeratutako argazkian Karmele Goñigaz dago, 2015eko Batzar Nagusian. Biak dira joan doan belaunaldi bateko ereduak eta azkenengotako kideak. Andra konprometiduak, beharginak, euskerea eta euskal kultura familian eta gizartean zabaltzeko ahalegin eta behar asko egindakoak, eta ez beti behar beste autortu eta estimaduak.

Asko zor deutsie gaurko euskal gizarteak belaunaldi horretako andra eta familiei. Euren ondasun, indar eta familiak gizarte-helburu jakin batzuen alde jarri izan ditue, trukean ezer eskatu barik. Labayruk Ineseri eskertu egin gura deutso emondako laguntasuna eta bide batez, haren moduan hainbeste behar egindako andra guztiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu