Balendin Zabaloren liburutegia, Labayruren esku

Bizkaie! 2019-03-12 12:48   Kulturea

Gai askotako 800 bat liburuko funtsa da.

Argazkia: Labayru Fundazinoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Balendin Zabalo abade eta irakasle bermeotarra 2017an hil zan, 84 urtegaz. Etxeko liburutegia hutsitu, eta bertako aleak Labayru Fundazinoari emon deutsiez, erakundearen ondare bibliografikoa horniduteko. 800 liburu inguru dira, gai askotakoak: hizkuntzea, gramatikea, literaturea, nazionalismoa, historia, biografiak…

Material hori guztia sailkatu egingo dabe Labayruko teknikariek, eta euren liburutegietan egon ez dana fundazinoaren katalogora pasauko da. Labayruren esanetan, ondare guztiz interesgarria da. Erlijinoagaz lotutako liburuak Seminarioko Liburutegian gordeko ditue. Euskal gaietakoak, ostera, Labayruren Euskal Bibliotekara eroango ditue.

Balendin Zabalo bermeotarra 1958an abadetu zan. Bizkaiko herri askotan emon eban zerbitzua: Laukariz, Mungia, Gamiz, Arrieta eta, batez be, Mundakan. Horrezaz gan, erlijino irakasle izan zan luzaroan Bermeoko institutuan. Liburutegi oparoa be osotu eban bere bizialdian, eta, Labayruri egindako dohaintzeari esker, ondare hori ez da galduko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu