Poema liburua plazaratu dau Jose Luis Otamendik

Bizkaie! 2019-03-01 10:12   Kulturea

Bere gorputza abiapuntu, inguruko gaiak aztertu ditu.

Leire Lopez Ziluaga (Susako editorea) eta Jose Luis Otamendi (argazkiak: Susa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala bost urte argitaratu eban Jose Luis Otamendik Kapital publikoa liburua, eta barriro urten dau plazara, kasu honetan Disoluzio agiriak izeneko lanagaz (Susa). Bederatzigarren poema liburua dau hau idazle gipuzkoarrak. Azkenaldion aldaketa ugari igarri ditu, gizartean zein bere barruan, eta horreen lekukotasuna emoteko modua dira olerkiok.

Izan be, Otamendik bere barrutik hasita idazten dau, baina ez bere buruaz bakarrik, baita inguruan dituan egoerez be. Gorputzaren bidez hartzen dau kanpokoaren barri, gorputza da guztiaren abiapuntua, baina gizarte garaikidearen azterketa intimoa egiten dau, giro soziala eta ekonomikoa agertzeko asmoz. Estilo eta gai aldetik, beti-betiko Jose Luis Otamendi topauko dau irakurleak, baina, era berean, gaur egunera egokitu nahi dauen idazle barritzailea be bai.

Halandabe, Otamendik onartu dau ez dakiala zeintzuk diran gaur egungoaz idazteko berba aproposak. Galdera hori buruan darabilela idatzi ditu olerkiak, mundu garaikideagaz bat datozan berbak topetako ahaleginean.

Zazpi kapitulutan banatu dau Otamendik Disoluzio agiriak, zatika eregitako gizakiak eta gizartea garelako, zatirik zati osotasunera heldu guran. Zazpi ataletan banatuta, 39 poema dakarz liburuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu