111 aldizkaria argitaratzeari itxiko deutso 111 Akademiak

Bizkaie! 2019-02-08 08:29   Kulturea

Argitalpenagaz jarraitzeko baliabide ekonomikorik ez izateak ekarri dau erabagia.

Oraingoz, 111 Akademiaren webgunean ahaleginduko dira aldizkariak jasoten zituan edukiak argitaratzen baina 111 Akademiak papelezko111 aldizkaria argitaratzeari itxiko deutso. 2018ko abenduan kaleratu dauen 10. zenbakia azkena izango da, bai behintzat, oraingoz. Erabagi horren atzean dagoan arrazoi nagusia ekonomikoa da, 2018an izandako diru-galerearen ondorioz 111 Akademiari guztiz ezinezkoa egiten jakolako 2019an papelezko argitalpenak dakarren gastua bere gain hartzen jarraitzea: Momentu mingarrian dator, ganera, erabagia, orain hilebete eskas harpidetzak handitzeko ekinaldia egin eta eskaerak jasoten hasiak baikinan, adierazo dabe 111 Akademiako arduradunek. Baina 2018ko diru-kontuek agirian itxi dabe oraingoz behintzat ez dagoala papelezko argitalpenagaz aurrera egiteko modurik.

111 Akademiak 2014an jarri eban abian 111 aldizkariaren proiektua, oso modu apalean, krisialdi gogorrak ez ebalako beste ezertarako aukerarik ixten. Ordutik, erakundeakazko alkarlana bilatzeko Akademiako arduradunek egindako ahalegina etenbakoa izan da, egitasmoa egonkortu eta bestelako diru-iturriak sendotu bitartean aurrera egitea ahalbidetuko eutson alkarlana, hain zuzen be; Irakurle arruntari literatureari buruz euskeraz informazinoa emongo eutson argitalpena aurrera ateratzen saiatzeak ahalegin danek merezidu ebalako uste sendoa geunkan. Ahalegin horreek, ostera, ez dabe esperotako ondoriorik ekarri, eta 10. zenbakira heldu ostean, egitasmoa bertan behera ixtea beste konponbiderik ez jaku geratu, dinoe.

2019an, 111 Akademiari eutsiz etorkizunean barriro be 111 aldizkaria kalean jartea da Akademiako arduradunen asmoa; horretarako, erakunde publikoen bideak emon leikena emon dauela ikusita, arlo pribatuan egingo dabe orain ahalegina, jorratu beharreko bidea samurra izango ez dala ondo baino hobeto dakiten arren. Bitartean, edukiak sortzen jarraitu eta, papelaren faltan, ahal dan neurrian 111 Akademiaren webgunean argitaratuko ditue.

Azken buruan, 111 aldizkariko harpidedunei orain arte erakutsitako babesa eskertu nahi deutsegu, eta etorkizunean barriro be euren etxeetan izateko itxaropenagaz esango deutsegu gero arte adierazo dau Jon Unanuek, 111 Akademiako buruak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu