'Darwinen Eguna' martitzenean Bilbon

Bizkaie! 2019-02-06 08:26   Kulturea

Topaketea, hilaren 12an izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan.

Bilboko Udalak, Charles Darwin, Alfred Russel Wallacegaz batera eboluzinoaren teoriaren asmatzaileetako bat, jaio zaneko 210. urteurrena ospatuko dau datorren martitzenean, zezeilaren 12an, 19:00retan, lengoaiaren bilakaereari eta norbere buruaz beste egiteari eta eboluzinoaren teoriari buruzko ponentzia bitan oinarritutako barriketaldiagaz.

Itziar Laka Mugarza EHU/UPVko Hizkuntzalaritzea eta Euskal Ikasketa Saileko Hizkuntzalaritza katedradunak eta Pablo Malo Ocejo Osakidetzako Bizkaiko Buru Osasun Sareko psikiatreak hartuko dabe parte.

Ohikoa danez, hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, Bidebarrietako liburutegiko ekitaldi aretoan; sartzea doban izango da baina ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena jasotea, liburutegian bertan, bihartik aurrera, lau sarrera persona bakotxeko, gehienez be. Leku guztiak beteten diranean ez jako inori aretora sartzen itxiko, baina topaketa streamingez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

En torno a la evolución del lenguaje izeneko berbaldian, Itziar Laka Hizkuntzalaritza katedradun eta EHU/UPVko La Mente Bilingüe ikerketa taldeko zuzendariak, azken urteetan giza lengoaiaren jatorriaren eta bilakaerearen inguruan metatuz joandako ebidentzia zientifikoa aztertuko dau, lengoaiaren oinarri genetikoak eta neurobiologikoak eta gure espeziearen historia hobeto ulertzen laguntzeko. Amaitzeko, lengoaia giza espeziean baino garatu ez izanaren zergaitiak eztabaidatuko dira.

Pablo Malo psikiatreak Suicidio y Teoría de la Evolución berbaldian, norbere buruaz beste egitea eta bestelako jokabide auto-suntsitzaileak indar eta fenomeno naturalen ondorio dirala azalduko dau, gure izakerearen parte dirala, batzuetan gure intuizinoak kontrakoa adierazoten badau be. Horrezaz gan, gizarteak, pekatu eta delitu legez be hartu izan dan norbere buruaz beste egiteari buruzko balorazinoak eta aurreretxiak gure historia ebolutiboak baldintzatu dituala be azalduko dau. Pablo Malo psikiatrea da, eta psikologia eboluzionistan dago espezializauta.

Darwinen eguna Bilboko Udalaren, EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrearen eta Zirkulu Eszeptikoaren artean sustatutako eta antolatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta El Correo egunkariaren babesagaz. Bidebarrieta Zientifikoaren urteko jarduera egutegiaren barruan dagoan ekimen horrek zientzia jente guztiari hurreratzeko helburua daben Matematikak eguneroko bizitzan edo Zientzia egiten duten emakumeak programeak jasoten ditu.

Gonbidapenak Bidebarrietako Liburutegian jaso behar dira (10:00-14:00 / 16:00-20:00) zezeilaren 12ra arte, zapatu eta domeketan izan ezik. Gehienez 4 sarrera persona bakotxeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu