Sukaldaritzan, sasoian sasoikoa
2018-12-07 12:40 KultureaZigor Iturrietak Txoriene telesaioko 80 errezeta batu ditu.
Euskal Telebistako ikusleentzat arpegi ezaguna da Zigor Iturrietarena. Besteak beste, Txoriene saioan ikusi geinke, persona ezagunakaz batera errezeta ederrak preparetan. Durangoko Azokarako, saioko 80 errezeta aukeratu, eta Txorieneko lau urtaroak liburu koloretsuan plazaratu ditu. Urtaroka banatu dau edukia: Neguko, udabarriko, udako eta udagoienenko hogeina errezeta dira, argibide zehatz eta argazki adierazgarriz horniduak danak.
Sasoian sasoikoa konsumidutea da gure saioaren oinarrietako bat, produktu guztiak ez dagoz urtaro guztietan, azaldu dau Iturrietak, Erein argitaletxearen erakusmahaian liburuak sinatzen dituan bitartean. Horregaitik, urtaro bakotxeko errezetak, sasoi horretan berez topau leitekezan osogaiakaz eginda dagoz.
Errezeta guztiak telebistan agertutakoak dira. Atal bakotxaren amaieran, QR kode bat dago, eta horren bidez, errezeta horri jagokon programea barriro ikusi leike irakurleak, bideoan. Zalantzaren bat izan ezkero, baliabide ona dala uste dau Iturrietak.
Sasoian sasoiko sukaldaritzea bultzatzeaz ganera, Iturrietaren liburuak euskereari be ekarpena egiten deutso. Izan be, askotan erderazko berbak edo esamoldeak erabilten doguz sukaldean gabizala. Liburuan, errezeta guztiak euskera hutsean dagoz eta, era horretara, jentea berba barrietara ohitu leiteke. Berba batzuk txinera dira irakurle batzuentzat, hori badakit, baina pixkanaka joan behar dogu, hemendik urte batzuetara berba normalak begitanduko jakuz, dino egileak.
Azokearen lehenengo egunetik, egunero egon da erakusmahaian Zigor Iturrieta. Pozik dago, asko saldu dauelako, eta telesaioaren ikusle asko hurreratu jakozalako. Batez be, oparitzat eroaten dau jente askok liburua. Dedikatorietan, igarri dau jente nagusiarentzat izaten dirala asko. Hori da gure publikoaren zati handi bat, eta jenteak liburua oparitzen deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!