Zirku artisten ZKZ topaketeak zirkuz beteko dau Deustuko Erribera

Bizkaie! 2018-11-28 13:23   Kulturea

Abenduaren 6tik 9ra egingo da topaketea.

Zirkozaurrek, Deustuko Erriberan kokatuta dagoan zirku espazioak tokiko zein estaduko artistak batuko dituan zirku artisten lau eguneko topaketea antolatu dau. Abenduaren 6a eta 9a bitartean izango dan ekitaldiak jatorri ezbardineko artisten hartu-emonen bidez sektorea sendotuko daben sare eta zirkuitu barriak sortu eta lehengoak indarbarritzea dau helburu nagusi.

Testuinguru horretan, Zirkozaurrek, bere zirkuaren profesionaltasunaren aldeko konpromisoari jarraituz formakuntzearen aldeko apustua egiten dau eta zirku-teknika eta kudeaketeari buruzko hainbat ikastaro antolatzen. Tailer gehienak, topaketea baino astebete lehenago izango dira, abenduaren 1etik 5 era eta gitxi batzuk abenduaren 3tik 7ra.

Tailerrotan interesa dauen edozeinek parte hartu leike, ikastaroaren informazinoan kontrakorik adierazoten ez bada. Antolatutako tailer eta ikuskizunak Zirkozaurre espazioan eta Papelera eraikinean (laster Kunsthal diseinu zentruaren egoitzea) izango dira eta topaketako parte-hartzaileek ekitaldirako egokitutako Bizinahi espazioan hartuko dabe ostatu (antxinako Vicinay fabrikea). Izena emoteko epea zabalik dago hemen.

Topaketeak auzo eta herritarrakaz bat egiteko espazio bat sortu nahi dau. Horregatik, kalean be parte-hartzea edegiko dau zirku hasierako tailer batzuk izango dira bariku eta zapatuan (abenduak 7 eta 8) goizeko 11:00ak eta 13:00ak bitartean.

Horrezaz gan, herritarrak topaketearen barruan antolatutako ikuskizunez gozetako aukerea be izango dabe, 5€ko prezioan. Gala bi be izango dira; lehenengoak, barikuan (abenduak 7) EZE-ko (Euskal Zirku Alkartea) artisten emonkizunak izango ditu protagonista (sarrerea: 10€) eta bigarrenak, topaketako gala handia izango danak, zapatuan (abenduak 8) topaketan parte hartuko daben bertoko eta kanpoko maila handiko artisten lanak izango ditu ardatz nagusi (sarrerea: 12€).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu